Hurrengo erronkaren zain

PAUC kanporatu ondoren, Bidasoak gaur jakingo du noren aurka ariko den Europako Ligan

Kauldi Odriozola jaurtitzen, PAUCen aurka. Hura izan zen partidako golegile nagusia. EDU AGREDA / BIDASOA.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Bidasoa Irunek bete du denboraldiko lehendabiziko helburua: Europako Ligako lehen kanporaketa gainditu du. Sendotasunez egin du, baita nagusitasunez ere. 30-25 irabazi zion herenegun PAUCi, Artalekun. Meritu handiko garaipena da, aurrekontuari dagokionez, Frantziako taldea Euskal Herrikoa baino koska batzuk gorago baitago. Baina, pistan, Bidasoak erakutsi du nagusi dela.

Bi jokalari nabarmendu ziren irundarren artean: Xoan Ledo eta Kauldi Odriozola. Atezainak horma bat eraiki zuen atean: hamalau geldiketa egin zituen, jaurti zizkioten baloien %36. Eskuin hegalekoa, berriz, bikain aritu zen erasoan: partidako golegile nagusia izan zen, zortzi gol sartuta.

Jacobo Cuetara entrenatzailea «oso pozik» dago egindakoarekin. «Titulu baten moduan ospatu genuen; izan ere, halako sasoi bihurrian oso garrantzitsua da lehiaketa bat baino gehiagotan bete-betean aritzea. Hazteko eta handi egiteko, halako erronkak gainditu behar dira. Aurkaririk indartsuena zen PAUC».

Irundarrek gainditu dute aurreneko harri koxkorra. Beste bat gainditzea falta zaie ligaxkarako sailkatzeko. Ligaxka hori dute begiz joa, baina badakite oso zaila izango dela hara iristea, aurkari indartsuak baitaude lehian. Gaur izango dute bigarren kanporaketako aurkariaren berri, ligaxka aurreko saioa zozkatuko baitute Vienan, 11:00etan. Hamabi talde hauetako baten aurka ariko dira bigarren saioan: Nexe (Kroazia); Bjerringbro-Silkeborg eta GOG (Danimarka); Benidorm (Herrialde Katalanak); Montpellier eta Tolosa (Frantzia); Rhein-Neckar Loewen eta Fuechse Berlin (Alemania); Balatonfueredi (Hungaria), Metalurg (Ipar Mazedonia); Azoty-Pulawy (Polonia); eta Sporting (Portugal). Lasto gutxi eta gari asko dago tartean. Danimarkako, Frantziako eta Alemaniako taldeak dira indartsuenak. Horiez gain, bi ezagun daude: batetik, Benidorm Asobal ligako taldea; eta, bestetik, Sporting. Bidasoak Portugalgo taldearen aurka jokatu zuen aurreko denboraldian, Txapeldunen Ligan.

Zozketa eguna ez ezik, partida eguna ere izango da gaurkoa. Izan ere, Irungo taldeak gaur gauean jokatuko du Asobal ligako estreinako partida, Galizian, Cangasen aurka (21:30). Bigarren jardunaldiko neurketa da, lehen eta hirugarren jardunaldiak bertan behera geratu baitziren joan den astean. Espainiako Federazioak hartu zuen erabakia, COVID-19ari lotutako protokolorik ez zegoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.