Ez eidazue kendu niri errua

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiari lapurtu dizkiot hitzok, nahiz eta haren poemaren testuinguruak ez duen zerikusirik azkenaldian behin eta berriz aipatzen den kontuarekin, alegia, ea nor den osasun krisi honen errudun. Denok ditugu arrazoiak egoera txartzearen errua beste bati leporatzeko eta, horrela, erru banatzaile bihurtzen ari gara, poemak dioen bezala. Are gehiago, COVID-19ari buruzko gogoeta batzuk irakurtzen ditudanean, sarritan etortzen zait gogora umeak ginela bat-bateko erantzun hura: ama, ni ez naiz izan!

Denetarik entzun eta irakurri ahal izan dugu honezkero: azterketa soziopolitiko sakonak, batetik, gogoeta zientifiko zorrotzak, bestetik, eta nola ez, iruzkin zeharo arinak, errazkeriaren mugan daudenak.

Herritar arduratsu modura, gure betebeharra da edozein gertaera sozialen gakoez jabetzen ahalegintzea. Horrexegatik, eskertzekoak dira krisi honen atzean leudekeen egiturazko arazoez egindako gogoetak. Haien artean, osasun sistemaren egoera eta agintarien debekuek eragin lezaketen kontrol soziala daude, Amaia Nausia lagunak, adibidez, egunkari honetan ederto azaldu bezala. Ukaezina da osasun langileen egoeraz elkartasuna adieraztea ez datzala txaloak jotzean, baliabidez hornitzean baino. Guztiz ados. Ulertzen dut, jende askok bezalaxe, osasun sistema indartsua behar dugula eta bertan lan egiten dutenen egoera hobetu beharra dagoela ezinbestean. Eta, batez ere, konfiantza dut egoera txartzea ez doala inoren mesedean. Baina ez al dute osasun sistema publiko indartsu bat Frantzian edo Alemanian, adibidez? Eta egoera larrian daude une honetan, esaten denez. Beraz, kritika egin behar da; iritziak plazaratu behar dira; eztabaida bultzatu behar da: horretan datza demokrazia. Horixe da herritarroi dagokiguna. Baina onar dezagun ere erruaren zati bat. Egia da tristea dela kaleak poliziaz beteta ikustea; baina ez al da tristeagoa pentsatzea polizia behar dela arduratsu joka dezagun?

COVID-19aren harira, aitortzen dut gogoko ditudala epidemiologiei eta antzerako zientzialariei egindako elkarrizketak. Iruditzen zait, oro har, zentzuzko gauzak esaten dituztela. Baina, batzuetan, zientzialariek ere oso erraz banatzen dute errua. Ez denek, baina. Osasun publikoko katedradun batek berriki esana da: udan mota askotako presioak jasan zituzten agintariek eta arinegi laxatu ziren neurriak. Bai, halaxe dirudi orain. Hemen errua onartu eta erreibindikatu ere egin beharko genuke. Altxa dezala eskua aurtengo udan norabait oporretara joan ez den herritarrak! Bada, gizartea ez da laboratorio bat eta aldagai asko hartu behar dira kontuan edozein neurri hartu baino lehenago.

Martxoan erabaki zen itxialdiaren ostean zenbat artikulu irakurri dugu haren ondorio txarrez? Ez ekonomikoak bakarrik, jakina. Buruko gaixotasunak, tristezia kolektiboa, maila sozial desberdinetako ikasleen arteko arrakala… Hots, neurriak ezin dira, inondik inora, osasun arlokoak bakarrik izan. Baina horiek dute lehentasuna; horretan guztiz bat nator zientzialariekin. Eta, beraz, dikotomia faltsuak saihestu behar dira: osasunik gabe ez dago ez ekonomiarik ez askatasunik. Ez dago gizarterik ere.

Eta azkenaldian komunikazio ustez txarra ere bihurtu da errudun: agintariek eta zientzia dibulgatzaileek ez omen dituzte gauzak ondo azaltzen. Benetan? Aitziber Garmendia aktoreak haurren eskolak terrazetan ematea eskatu zuen bakarrizketa umoretsu batean, terrazetan nagusitzen baitira zorroztasunik eza eta alaitasuna. Hobeto ezin zitekeen azaldu helduok zein ondo jabetzen garen osasun arauez eta zelan erabiltzen ditugun nahierara. Bada garaia herritarrok haur txikiak bagina bezala irudikatzeari uzteko. Erru osoaren zati bat onartuz, ez gara bihurtuko ez dakit zeren konplize. Erakundeei gardentasuna exijitzen badiegu, eska diezaiogun geure buruari zintzotasuna. Eta hortik aurrera, hitz egin dezagun irtenbide egokiez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.