Zeluloidezko sabaiaren urratzaileak

Emakumeei zinemarako bidea zabaltzeko egindako lana aitortu die Zinebi jaialdiak Ana Murugarren eta Eugenia Salaberri zinemagileei

Eugenia Salaberri (ezkerrean) eta Ana Murugarren (ezkerretik hirugarrena) saritu ditu Zinebik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Hasi nintzenean, zuzendariak gizonak ziren; ekoizleak, gizonak, eta denak ziren gizonak; muntatze lanetan, bai, baziren emakume gutxi batzuk, baina halakoxea zen giroa, eta oraindik ere antzekoa da kontua, eta borrokan jarraitu behar dugu». 1980ko hamarkadatik hasi eta orain arte luzatu du erretratu hori Ana Murugarren zinema ekoizle, muntatzaile eta zuzendariak (Martzilla, Nafarroa, 1965). Gogoratu duenez, hasi zenean, inguruan zuen zinemagile taldeko emakume bakarrenetako bat zen, eta, hain zuzen ere, aitzindaritza lan horregatik jaso du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren Ohorezko Mikeldi saria, Eugenia Salaberri idazle eta gidoigilearekin batera (Bilbo, 1957).

Murugarrenek eta Salaberrik bidea irekitzeko egindako lan hori nabarmendu du Vanesa Sanchez Zinebi jaialdiko zuzendariak. «Gure zinemaren historia dira, letra larriz idatzitako historia; hasi zirenean, emakumezkoen presentzia oso eskasa zen, eta haien lanari esker aldatu egin ziren gauzak hiri honetan». Zinebik gauzak aldatzeko «ardura eta konpromisoa» duela ere esan du, eta horregatik ere egin dietela omenaldia.

Murugarrenek gogoan izan du Martzillatik Bilbora heldu zenean hiriak eragin zion zirrara. 80ko hamarkadan beste zinemagile batzuekin bizi izandako pasadizoak ere oroitu ditu, eta baita telebista pirata bat sortzeko egindako saiakera ere. «Oso gutxi iraun zuen, Gobernu Zibilak berehala lokalizatu gintuelako». Ekoizle eta, batez ere, muntatzaile lanak egin zituen hasieran, eta Eskorbuto taldearentzat sortutako Antes de las guerras bideoklipa izan zen zuzendu zuen lehen lana. Esto no es la vida privada de Javier Krahe dokumentala ere sortu zuen 2015ean, eta telesailak eta film luzeak ere zuzendu ditu. Hain zuzen ere, Garcia y Garcia izeneko komediarekin dabil orain buru belarri; hurrengo urteko uztailean da estreinatzekoa.

[youtube]https://youtu.be/TUobPn-aSKM[/youtube]

Idazle eta gidoigile izateaz gainera, Euskadiko Idazleen Elkarteko lehendakaria ere bada Salaberri, eta gizonez beteta gogoratzen du hark ere zinemagintzan lehen urratsak egin zitueneko sasoia. «Gizonez betetako gela batean zeuden emakume bakarrak izaten ginen, baina ez gintuen harritzen, hala izaten zelako. Noski, orain hori ikusi, eta oso gauza arraroa iruditzen zaizu». Oraindik ere bidea maldan gora dela dio, ordea. «Azaleko erabakietan agian bai, baina erabaki garrantzitsuak hartu behar direnean, gutxitan hartzen dira kontuan emakumezkoak».

1996an egin zuen Salaberrik liburuak idaztetik gidoiak idazterako urratsa, Calor... y celos izenezko komediarekin. Esperientzia gustatu, eta maiz aritu da gidoigile lanetan geroztik. Marujas asesinas filmerako gidoia egin zuen 2001ean, esaterako; Alaba zintzoa-ren gidoia ere idatzi zuen 2013an, eta Txarriboda, 2015ean.

[youtube]https://youtu.be/Xj7i7cD9yBA[/youtube]

Salaberrik nabarmendu du zineman ekintza bidez kontatu behar direla literaturan hitzez konta daitezkeen sentimenduak, sentsazioak edo erreakzioak: hori ikasi duela berak. «Hala deskubritu nuen ez garela esaten duguna, baizik eta egiten duguna».

Irekiera ekitaldian jaso dute bi zinemagileek Ohorezko Mikeldi saria, eta haien lan bana ere proiektatuko dute jaialdian. Murugarrenek Javier Krahe musikariari eskainitako eta Joaquin Trincadorekin batera zuzendutako film dokumental luzea emango dute, batetik, eta Salaberrik idatzi eta ekoitzi eta Jabier Rebollok zuzendutako De los ojos adentro ere eskainiko dute, bestetik. Asteazkenean izango da hori, Bilboko Arte Ederren museoan.

Murugarreni eta Salaberriri Ohorezko Mikeldia emateaz gainera, Zinebik saio berezia antolatu du (H)emen elkartearekin elkarlanean, Film laburrak eta emakumeak, berdintasunaren gakoak izenburupean, azaroaren 17an. Azkuna Zentroan izango da solasaldia, 18:00etan.

Dardenne anaiak

Beste bi zinemagile ere omendu nahi izan ditu jaialdiak aurten: Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiak, zehazki. Haiek ere Ohorezko Mikeldi saria jaso dute inaugurazio ekitaldian. Koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriengatik, ordea, sortzaileek bideo mezu bidez soilik helarazi ahal izan dituzte eskerrak.

Aski izen ezaguna da ekoizle eta zuzendari belgikarrena zinemagintzan. Cannesko jaialdian, urrezko bi palma jaso dituzten zuzendari gutxietakoak dira, esaterako, baina fikzioarekin hasi aurretik egindako lan dokumentalengatik saritu ditu jaialdiak oraingoan. Haien hasierako sei lan dokumental ere programatu ditu jaialdiak egunotarako. 1977an estreinatutako Le chant du rossignol izango da horietako bat, baina zaharberritutako kopia bat proiektatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.