Batak zama handiagoa du besteak baino

Ingalaterrak eta Danimarkak Eurokopako finalerdia jokatuko dute, Wembleyn. Ingelesek 60.000 jarraitzaileren babesa izango dute

Jannik Vestergaard Danimarkako jokalaria Txekiaren aurkako garaipena ospatzen, Eurokopako partidan. NAOMI BAKER / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Gaur zehaztuko da zein talde izango den Eurokopako bigarren finalista: Ingalaterra ala Danimarka. Ingelesek kontuan hartzeko aldagaia izango dute alde: 60.000 jarraitzaileren babespean jokatuko dute Wembley estadioan, Londresen, 21:00etatik aurrera. Gareth Southgatek zuzentzen duen taldea Europako garaikurra irabazteko faboritoen zerrendan dagoen arren, aurrean ez du arerio samurra izango. Danimarkak, Christian Eriksen taldeko izarraren hutsunea edukita ere, partidaz partida, behetik gorako bilakaera egin du, eta olatu aparretan jarraitu nahi du, historian bigarrenez finalera sailkatzeko. Eta bigarrenez loria dastatzeko. Eskandinaviarrak 1992ko Eurokopako txapeldunak izan baitziren, Alemaniari irabazita.

Ingalaterra eta Danimarka elkarren aurka 21 alditan lehiatu dira, eta horietatik hamabitan ingelesak nagusitu dira; eskandinaviarrak, berriz, hirutan. Halere, Wembleyn aritu diren azken bi partidetan, Danimarka gailendu da; azkena, 2020ko Europako Nazioen Ligan, Eriksenek penaltiz sartutako golari esker.

Ingalaterrak, Danimarkak ez bezala, ez du ezagutu oraindik Europako txapelduna izatea zer den; are, birritan geratu da finalerako atarian: 1968 eta 1996an. Ingelesek ezin izan dute finalerdietako harresia eraitsi. Bada, gaur dute abagune ezin hobea, Southgaten taldeak lehiaketako momenturik onenean heldu direlako une erabakigarrienera. Talde indartsua da, aurrean zein atzean. Txapelketa osoan Jordan Pickford atezainak ez du gol bakar bat ere jaso. Atea giltzarrapoz ongi lotuta du, antza. Erasoan, aldiz, Harry Kane aurrelariak golaren usaina berreskuratu du; bi gol sartu zituen final-laurdenetan, eta gaurkoan ere gertutik zaindu beharreko jokalaria izango da. Kane, ez ezik, Southgate teknikariak abaniko zabala du eskuartean; besteak beste, Raheem Sterling, Jadon Sancho, Mason Mount, Phil Foden eta enparauak ditu baloia azkar mugitu eta korri egiteko.

Danimarkarrek duela 23 urte egindako balentria berrestea dute amets. Aurten ere, txapelketa irabazteko hautagaietatik at zen Kasper Hjulmanden taldea, baina aurreikuspenak guztiz txikitu ditu, eta egiten ari den txapelketa ikusita, ametsa egia bihurtzeko arrazoiak baditu. Hjulmandek 5-2-3ko sistemari etekina atera dio. Final-laurdenetan erraz nagusitu zitzaion Txekiari: 0-4. Itxura guztien arabera, hautatzaileak sistema bera zelairatuko duela Wembleyn. Berrikuntzen artean, Yussuf Poulsen aurrelaria jokatzeko moduan izango da.

Bestalde, atzo gauean jokatu zuten lehendabiziko finalerdia Italiak eta Espainiak. Lerro hauek idazterako garaian, luzapenean zen partida hori, 90 minutuak 1-1 bukatu eta gero. Chiesa eta Morata izan ziren golegileak. Partida horren kronika www.berria.eus webgunean dago irakurgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.