Ezinbesteko dena babesten jarraitzeko

Gasteizko Orbain kultur elkarteak seigarren urteurrena ospatuko du. Ohartarazi dute kultura ataka zailean dagoela

Orbain kultur elkartearen espazioa, Errota auzoko Navarro Villoslada kalean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Musika alternatiboa eta bereziki euskal punk-rock musika babestu, gorde eta hedatzeko sortu zuten Orbain kultur elkartea Gasteizen. Proiektua duela sei urte aurkeztu zuten, eta, pandemiak elkartearen lana baldintzatu badu ere, partaideek «lanean» jarraitu dute, etenik gabe. Horren adierazle da azken hilabeteotan ehun bazkideko langa gainditu izana. «Tinko eusten diegu elkarte honen sorrerako helburuei», azpimarratu du Iker Zubia lehendakariak. Are, «gero eta gehiago» dira punk-rockarekin lotutako kultur ekitaldiak antolatzeko iristen zaizkien proposamenak. Ospatzeko arrazoiak dituztela sinetsita, zenbait ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako: argazki erakusketak, liburu aurkezpenak eta musika kontzertuak, besteak beste. The culture is dead! (Kultura hilda dago!) lelopean egingo dute.

Elkartearen helburuetako bat da Gasteizko eta Arabako kulturaren egoeraren unean uneko azterketa egitea, eta aurten inoiz baino arrazoi gehiago izan dute horretarako. Ondorioztatu dute kultura ataka zailean dela, eta horregatik hautatu dute lelo hori urteurrenerako. Izurrite garaiko hasierako «shock orokorra» gainditzeko adina denbora pasatu ondoren, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinetsita daude elkarteko kideak: «Gauzak egiteko beste modu bat posible da, eta ez da bakarrik beharrezkoa, ezinbestekoa ere bada», adierazi du Zubiak.

Kritiko azaldu da, erakundeekin batez ere. «Pandemia guztiontzat kaka zaharra den arren, erakundeek, oro har, kultura ahazten dute, mundu honetako biztanle gehienek egiten duten bezala». Gasteizko Udalaren adibidea jarri dute hori erakusteko: «2020an, Gasteizek 750.000 euroko aurrekontua zeukan jaietarako, eta diru horretatik 15.000 euro gastatu zituen soilik. Beraz, non dago sobran geratu zen dirua? Gure osasunean gastatu zuten? Garai horretan gaizki pasatzen ari ziren eta oraindik gaizki dauden kultur eragileetan gastatu zuten diru hura?».

Haien iritziz, sektorea osatzen duten askok ere «ez dute aprobetxatu daukaten indarra» gauzak «beste modu batean» egiteko. Halere, beste hainbat guneri eta ekintzen kudeatzaileei esker ona adierazi diete, hilabete hauetan egindako lanagatik: Hell Dorado, Kultura Bizia, TMEO eta Baratza aretoa aipatu dituzte, besteak beste. «Garai zailei» aurre egin dieten taberna eta lokal txikien lana ere goraipatu dute, bai eta «ekoizpena eta sorkuntza» gelditu ez duten talde, artista eta sortzaileena ere. Azkenik, gogorarazi dute azken asteetan abian jarri den Rock contra el fascismo (Rocka faxismoaren aurka) ekinaldiaren sinatzaile ere badirela.

Bestalde, izurrite garaian kulturak jasan dituen jazarpena eta erasoak salatu ditu elkarteak. Esaterako, Gasteizko Udaltzaingoak Cosmic Tentacles diseinu estudioa «kartel kritiko batengatik» fiskaltzara eraman zuenekoa gogoratu dute. «Hori bada gure maila, pandemiatik ez gara hobeak irtengo; beharbada, ez dugu merezi izango».

Ingurukoen aldeko apustua

Irailerako, argazki erakusketa bat, bost kontzertu eta lau liburu aurkezpen antolatu dituzte. Ekitaldi guztiak 19:00etatik 22:00etara izango dira, edukieraren %50ekin; hau da, 23 lagun sartu ahalko dira. Hori dela eta, bi emanaldi egingo dira, lehena 19:30ean, eta bigarrena20: 30ean. Sarrerak ez dira aldez aurretik salduko; egunean bertan leihatilan eskuratu ahalko dira. Gainera, liburuen aurkezpenak streaming bidez emango dituzte.

Elkartea sortu zutenean,Lokal 0 proiektua abiatu zuten, Gasteizko eta inguruko kultur sortzaileen alde egiteko. Seigarren urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarauan ere, gonbidatu gehienak ingurukoak dira. Hamar talde eta artistetatik lau Gasteizkoak dira, hiru Nafarroakoak, eta bat Gipuzkoakoa; Kataluniakoak izango dira beste bi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.