Biek nahi dute lehen txapela

Iruñeko Oberenak eta Tolosak XV. Berria Txapelketako finala jokatuko dute gaur, Hernanin. Gipuzkoarrak dira faborito

Goian, Igoa Oberenako kadete mailako atzelaria. Behean, Altuna Tolosako kadete mailako aurrelaria. Lehia bikaina izango dute gaur. JON URBE-IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Pilota elkarteak haien osotasunean hartuta, egutegian dagoen txapelketarik garrantzitsueneko finalak jokatuko dira gaur, Hernaniko udal pilotalekuan, San Joan jaien egitarauaren barruan (17:00). XV. Berria Txapelketak aurtengo txapeldunaren izena jakingo baitu: Tolosa edo Iruñeko Oberena. Bi klub horiek ariko dira finalean. Ez da ikuskizunik faltako. Bi taldeek lan bikaina egin dute orain arte, baina, pronostikoen arabera, Tolosa da faborito. Hori bai, detailerik txikiena ere erabakigarri gerta daiteke, eta Mikel Olaetxea Tolosako entrenatzaileak eta Mikel Erro Oberenakoak helburu bat eta bakarra izango dute: kantxan daukaten onena ematea, irabazi edo galdu.

Bi klub historikoek neurtuko dituzte indarrak. Oberenak makina bat pilotari profesional atera du Erroren eskutik: Irujo, Ezkurdia, Retegi Bi... «Egia da pilotari on ugari pasatu dela Oberenatik, eta Berriako finaletan baldin bagaude seinale da orain ere ondo ari garela lanean. Sortu zenetik, Berria txapelketa da egutegian dagoen lehiaketa guztietatik gehien gustatzen zaidana, egiten den lan guztia islatzen baitu. Saria da gaur Hernanin egotea».

Oberenak ez ezik, Tolosak ere atera ditu pilotari profesionalak: Olaetxea bera, Albisu, Urretabizkaia... «Indar handiko bi klub ariko gara. Urte honetan gorabehera batzuk izan ditugu, baina indarberrituta gaude, eta denboraldia amaitzeko modu onena litzateke txapelak burura eramatea», esan du Olaetxeak.

Bi taldeek final bana dute jokatua. Oberenak galdu egin zuen duela urte batzuk, eta Tolosari ere gauza bera gertatu zitzaion iaz. Arantza atera nahi dute entrenatzaileek. Errok, dena den, uste du zaila izango dela txapelek Iruñerako bidea hartzea. «Egun eta ordu berean Nafarroako herri arteko finalerdia daukagu, eta ezingo naiz Hernanira joan bikote onenekin. Pilotariak banatuko ditut. Saiatuko gara irabazten, baina, posible ez bada, gustatuko litzaidake daukagun onena ematea, hori baita pilotari gazteak hezteko modurik onena».

Olaetxeak ez du faborito izaerarik nahi Tolosarentzat. «Egia da bikote onak dauzkagula, batez ere kadete eta nagusi mailan, baina final batean edozer gerta daiteke. Labaka eta Telletxeak, nagusi mailako gure pilotariek, Elite Txapelketako finala baztertu dute Berriakoa jokatzeko, eta hori oso motibagarria da guretzat. Ilusio handia egin digu».

Mata ez da ariko Oberenan

Jaialdia kadeteen arteko partidarekin hasiko da. Laso eta Igoa ariko dira Oberenaren izenean, eta Altuna eta Ugartemendia Tolosarenean. Partida orekatua espero da. Igoa nafarra eta Altuna gipuzkoarra zeresana ematen ari dira, eta haien kalitateak erabaki dezake lehia. Gazte mailan Matak utzitako hutsunea garrantzitsua izango da Nafarroako taldearentzat. Ezin du jokatu, eta Oskoz eta Ganboa ariko dira gerriko gorriarekin. Bikote ona osatzen dute, baina Lasa eta Etxeberria gipuzkoarrek badute aukerarik puntua lortzeko. Azkenik, Ansa eta Cordon nafarrak eta Labaka eta Telletxea gipuzkoarrak ariko dira elkarren aurka. Azken horien sendotasunak balio handia izan dezake.

Urtero legez, festa nagusituko da pilotalekuan, eta harmailek itxura dotorea izatea espero da. Bi taldeek eramango dituzte zaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.