Gipuzkoar kutsuko finalerdiak

Lazkaoko LAPKEk Orozkoko Olgetani irabazi dio, eta Oberena izango du aurkari Berria txapelketako finalerdietan. Nafarrak jokatu gabe sailkatu dira, Joko Alai erretiratu ostean

Uranga LAPKE taldeko gazte mailako atzelaria, pilota jotzen, joan den igandean, Orozkon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon eskudero
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Txapelik preziatuena jantzita, Iker Irribarriak joan den asteburuan ondo baino hobeto berretsi du Gipuzkoako pilota osasun betean dagoela. Buruz burukoa irabazita, alegia. Bada, oraina ez ezik, etorkizuna ere Gipuzkoan bermatuta dagoela erakutsi du XIV. Berria Txapelketak, finalerdietan diren lau taldeetatik hiru herrialde horretakoak baitira: Tolosa, Azpeitiko Ilunpe eta Lazkaoko LAPKE. Iruñeko Oberena da laugarrena.

Joan den igandean bi kanporaketa ziren jokatzekoak, baina bakarraz gozatu ahal izan zuten pilotazaleek. Zeanuriko Joko Alaik erretiratu egin behar izan zuen pilotarien lesio batzuk tarteko, eta Oberenazuzenean jokatu gabe sailkatu zen. Beste kanporaketan, LAPKEk 2-1 irabazi zion Orozkoko (Bizkaia) Olgetani.

Azken urteetan gorakada handia izan duten bi pilota elkarte aritu ziren nor baino nor gehiago Orozkokon, eta bientzat ere sari handia zen Berria Txapelketako finalerdietara sailkatzea. Bada, pronostikoek ez zuten hutsik egin. Lehen partidan, kadeteen artekoan, bizkaitarrak ziren faborito, eta argi erakutsi zuten zergatik. Hasi eta buka, askoz gehiago izan ziren Olaizola-Arbaiza, eta 22-7 irabazi zieten Naldaiz-Goikoetxeari. Arbaizak agindu zuen atzean, eta horixe baliatu zuen Olaizolak jokoari distira emateko.

Susperraldi ezin hobea izan zuten goierritarrek kanporaketako bigarren partidan. Larrañaga-Urangak ezin zuten hutsik egin, eta 22-13 menderatu zituzten Solatxi-Arandia. Jaialdiko partidarik onena izan zen gazteen artekoa. Hasiera gogor joan zen (5-5), baina hortik aurrera behetik gorako bidea hartu zuten gipuzkoarrek. Atzean lehia ona eduki zuten Urangak eta Arandiak, baina aurrean egon zen aldea. Larrañagak zuku gehiago atera zien aukerako pilotei. Horiek hala, nagusien arteko partidak erabaki zuen guztia, eta Zubizarreta-Quina lazkaotarrek 22-8 irabazi zieten Barbara-Olaguenagari. Neurketan ez zen lehiarik izan, eta Zubizarreta izan zen laukoteko pilotaririk onena. Era guztietako tantoak eskaini zituen.

Finalerdiak asteburu honetan jokatuko dira. Tolosa eta Ilunpe lehiatuko dira batetik, eta Oberena eta LAPKE bestetik. Bi kanporaketak dira irekiak, eta irabazleek hilaren 22an jokatuko dute finala, Hernanin (Gipuzkoa), sanjoanetako egitarauaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.