Espainiako Vuelta

Gandorra tente dutela erakutsi dute

Primoz Roglic izan da nagusi Vueltako zortzigarren etapan. Carapaz liderrarekin lehia politean aritu da; 13 segundora daude orain

Gandorra tente dutela erakutsi dute.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Igandean Formigalen amaitu zen etapan eduki zuen arreta faltaren ondoren, mendate batean amaitzen zen hurrengo etapan, Espainiako Vuelta irabazteko hautagai sendoa dela gogorarazi zion atzo Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Richard Carapaz liderrari (Ineos). Esloveniarrak zortzigarren etapa zuen, Moncalvilloko gainean, eta elastiko gorria berreskuratu ez bazuen ere, 13 segundora gutxitu zuen Carapazekiko aldea; lasterketako bi oilarren arteko lehia puri-purian da, etapa ikusi besterik ez zegoen. Bien arteko buruz-burukoa izan zen. Roglicek azken txanpan egin zuen eraso, eta etapa irabazteaz gain, aldea atera zien beste zenbait hautagairi: 13 Carapazi, 19 Dan Martini (Israel), 33 Hugh Carthyri (EF) eta 1.33 Esteban Chavesi (Mitchelton Scott). Sailkapen nagusia estutu egin da lehen bost postuetan.

Ibilbide gogorra izan zuen etapak, 3.025 metroko desnibela pilatuz. Zazpi txirrindularik egin zuten aurrera. Tartean ziren Rui Costa (UAE) eta Remi Cavagna (Deceuninck). Atzetik, bost txirrindulari bakarrik eduki arren, Ineosek tropelaren ardura hartu zuen. Chris Froomek gregario elastikoa jantzi zuen, Carapazen alde lan egiteko. Baina erritmoa ez zen bizia, eta iheslariek bost minuturen errenta lortu zuten. Movistar ez zegoen gustura lasterketaren bilakaerarekin, eta urratsa egin zuen, abiadura handitzeko. Horrek eragina izan zuen, La Rasako mendatearen gainean aldea erdira murriztu baitzen. Ineosen, Jumbo Vismaren eta Movistarren arteko lehia bizitu egin zen, lasterketako talderik indartsuena nor den erakusteko.

Jaitsiera bizia izan zen, tropela luze jarriz. Movistarrek azeleragailua zapaltzen jarraitu zuen, eta orduko 70 kilometroko abiadura ezarri zuen. Horren ondorioz, tropel a txikituz joan zen, 50 bat txrrindularitan geratu arte. Eguneko mendate nagusia geratzen zitzaien aurretik, Moncalvillo (8,3 kilometro, %9,2 eta %15 arteko pendizarekin). Igoeran, Alejandro Valverdek (Movistar) egin zuen lehen ahalegina, faboritoen multzoa gehiago tenkatuz. Robert Gesinkek (Jumbo) eta Andrey Amadorrek (Ineos) erantzun zuten. Baina Michael Woods (EF) izan zen benetako selekzioa egin zuena.

Hor hasi ziren Carapazen eta Roglicen arteko erasoak. Ahalegintzen aurrena Carapaz izan zen, baina ondo eutsi zion Roglicek. Helmugara iristeko 1,2 kilometro falta zirenean jo zuen lehen kolpea. Kostata erantzun zuen Carapazek. Baina 800 metro falta zirenean. Roglicek berriro ekin zion, eta etapa erabakita utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.