Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Karbonoa gehiegi aldatzen duzunean

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Nahiko gai bakarreko, eta ondorioz, aspergarri izaten ari dira itxialdi egun hauek, telebista kritikaria ere, koronabirusaz aritzeko, ezta? Horregatik, eta itxialdiak eskainitako ordu amaiezin horietako asko telesailak ikusteko baliatzen ari naizenez, txoko hauxe baliatuko dut ikusitakoaz aritzeko.

Gaur, Altered Carbon izango dut hizpide, estreinatu berri duten bigarren denboraldiaren harira. 2018an ekoiztu zuen Netflixek Richard K. Morganen eleberrian oinarritutako telesailaren lehen denboraldia, eta, egia esaten badizuet, aspaldi beste ezerk ez bezala astindu ninduen. Etorkizunean kokatzen da, eta bertan erakusten zaigun etorkizuna izugarri ondo landua dago. Unibertso oso bat eraiki zuen Morganek bere kontakizunerako, eta idazle ingelesak hartutako lana bikain baliatu zuten. Altered Carbon-ek kontatzen digun etorkizunean, heriotzak ez du gaur egun duen zentzua; gizakiek norbere kontzientzia, arima edo zer dakit nik, pila batzuetan biltzen dute datuak balira bezala (egia esan, horixe dira-eta, zehazki). Gauzak horrela, gorputzak, funda huts bihurtzen dira, eta, bakoitzaren baliabide ekonomikoen arabera, zure berezko funda biologikoarekin geratzen zara, edo ezaugarri eta aplikazio erantsiak dituen funda sintetiko batean jar dezakezu zure pila, behin eta berriz. Horrek arazo nabarmen bat sortzen du. Dirua dutenak fundaz aldatzen joan daitezke, heriotza saihestu eta betiko biziz. Dirurik ez dutenek, aldiz, ezin dute erosi funda gehigarririk, eta beraien funda biologikoekin hiltzera kondenatuta daude. Sistema horrek unibertsoan bizi diren gizakien arteko desoreka handitzen du.

Premisa izugarri ona da, lehen denboraldia bezalaxe. Tonu aldetik, erabat apurtzailea den makarrismo bat du. Estetikoki, ikaragarri originala da. Horrez gain, pertsonaiak bikain landuak daude, eta aktoreen lana txalotzekoa da.

Ikusteko gogoz, ezta? Bada, ikusi, baina jakin, bigarren denboraldia ez dela lehenengoaren mailara iristen, inondik inora. Lehenaren indarguneak heriotzaren kontzepzio ezberdin horrek sortzen duen mundu ikuskera eta kontakizunaren makarrismoa baziren, bigarren denboraldian heriotzaren kontzepzioa erabat indargabetzen dute, eta, tonu aldetik, Disney bihurtzen da. Lastima, eta amorrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.