gorka julio
IRLEN SAREA

Bardo zapatista

2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Zapatistek Internet borroka politikorako tresna ere bazela erakutsi ziguten, Interneterako sarbide zaila zuten tokitik erakutsi ere. Mundu osoan sakabanatutako ziber-zapatistak izan ziren, unibertsoan zehar beren mezua hedatzen lagundu zutenak eta horri esker zabaldu ziren ahotsik gabekoen ahotsak munduan.

Ahotsa, ikus-entzunezkoen garaian pertsonaia sekundarioa, garrantzi gabekoa, haren bidez urteetan transmititu izan bada ere ezagutza gehiena.

Youtuber fenomenoaren baitan, bada ahotsa ere. Nabaria da, ahotsa erabiltzeko era zehatz bat ere zabaldu dela; ahozko hizkuntza moduko bat nolabait esateko. Artifiziala egiten zait oraindik niri zenbait youtuber-rek darabilten ahots erregistroa, ohitu beharko naiz akaso.

Ahotsarekin hasi eta Youtube aipatu behar izan dut azkenean. Youtube ahotsarentzako esparrua ere bada. Musika talde askok, bideoklipak igotzen dituzten bezala, musika eta irudi estatiko bat ere erabiltzen da han informazioa igotzeko. Zer esan zenbait irratsaio eta podcastek egiten dutenaz, batzuk zuzenean ere ematen dute berez ahotsa bakarrik litzatekeen saioa.

Badira albiste on batzuk ere, euskara eta ahotsari dagokionez. Ehunka dira irrati libre, komunitario eta publikoetan sortutako saioak. Info7k ere iragarri du, euskarazko irrati proiektu bat ernatuko dela, Info7ren errautsetatik. Saio guzti horiek, Interneten daude, batzuek podcast moduan ere. Orain, podcast-en fenomeno internazionala bihurtzen ari denean; proiektu kolektibo zabalago bati loturik gabekoak gutxi badira ere, bada zer entzun.

Gurean ere badira horrelako esperimentuak, ikus-entzunezkoak izanik ere, ahotsari garrantzia ematen diotenak, baina bada berezi bat: 27zaparen bideo zutabea. Argia-n egiten duen blogean, testuaz gain orain, bideo txiki bat ere txertatzen hasi da Imanol Epelde.

Zutabearen irakurketa soila irudiko lukeenari, beste forma bat eman dio. Ahotsari eta baita jarrerari garrantzia ematen dio, bideo edizioak ere badu garrantzia, baina gehiago da darabilen ahotsaren tonua eta enfasia. Hitzek indar bikoitza hartzen dute, esanahiaz betetzen ditu, bakoitzak bizitza propioa balu bezala. Bardo zapatista esperimental honen zale deklaratu nahi dut, gaur, hemen, neure burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.