Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gizarte zatitua(k)

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azken egunotan Messiah izeneko telesaila ikusten aritu naiz, eta bi atal geratzen zaizkit lehen denboraldia amaitzeko. Thriller estatubatuarra da, Michael Petronik zinemagileak zuzendua, eta Netflix plataformak ekoiztua. Urtarrilaren 1ean estreinatu zuten; guztira, 45 minutu inguruko hamar atal. Istorio nagusia gero eta jarraitzaile gehiago dituen Ekialde Hurbileko gizonezko baten inguruan datza. Mirariak egiteko gai da. Adibidez, osasun gaitzak sendatzeko, uraren gainean ibiltzeko eta hildakoak berpizteko ahalmena erakutsi du. Sirian, Israelen eta AEBetan, besteak beste.

Ikus-entzunezkoaren ideia streaming plataformari aurkeztu ziotenean, jada, polemika eragin zuen. Lider gaztearen mezuak erlijiosoak dira, eta, terrorismo arriskua dela eta, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentrala (CIA) haren atzetik hasten da. Zehazki, emakumezko bat: Eva Geller. Ideia, behintzat, iraultzailea da. Izan ere, egia osoa jakin gabe, gehiengoaren erantzun zuzena da haren atzetik hastea. Itsu-itsuan. Herrialde batetik bestera. Sare sozialetan eta hedabideetan zabaldutako informazioari jarraikiz. Hau da, benetako ala gezurrezko Mesia edo zoritxarreko agente politikoa den ziurtatu gabe.

Egiaz, une ezin interesgarriagoa bizi dugu, besteak beste, halako lider bat agertuko balitz, jendearen erantzuna nolakoa izango litzatekeen aztertzeko. Pandemia egoeraz ari naiz, hain zuzen ere. Zer gertatuko litzateke mundu guztiak itxialdia eten, eta hari segika itsu-itsuan hasiko balitz? Mirari baten zain, alegia? Egia da gazte horrek gizartearen onura bilatzen dituen mezuak zabaltzen dituela, baina zaila da telesailaren istorioa mundu errealera ekartzea. Egun ezagutzen dugun gizartea biziki zatituta baitago. Eta aldaketa sendorik gertatu ezean, akaso, koronabirusaren krisiak are gehiago zatituko gaitu.

Netflix etxean baduzue, Messiah ikustea gomendatuko nizueke. Thriller bizia izateaz gain, lokalizazio eder ugari erakusten dituelako. Jordanian eta Mexiko Berrian grabatu zuten nagusiki. Efektu berezi asko ditu, baita aktore onak ere. Pena da, ordea, bigarren denboraldirik ez egotea. Hala iragarri du, behintzat, Wil Traval aktore nagusietako batek haren Instagrameko kontuan: «Gauzak bestelakoak izatea nahiko nuke». Baita nik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.