Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Arazoa ez da soilik aurrekontua

2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gustura irakurri nuen BERRIAn Gazteako podcasten arduradunari egindako elkarrizketa. Urtzi Urkizuk zuzen bildu zuen izenburuan Ainhoa Vitoriaren ideia nagusia: «Gazteak ez zaizkigu etorriko gu ez bagara beraiengana joaten». Telebistak bezala, irratiak ere digitalizazioak ekarritako aldaketa igarri du eta egokitzapen prozesu betean murgilduta dago. Vitoriak eremu digitalean jarria du fokua; izan ere, podcastetan lantzen dituzten askotariko gaiak sare sozialetan zabaltzen dituzte gero. Besteak beste, Tiktok, Instagram edo Spotify plataformak erabiliz. Haren hitzen bidez uler daiteke, gainera, edukiak esparru horri begira sortzen dituztela. Hau da, gazte komunitatea harrapatzeko eta eragin trukea gauzatzeko.

Ildo horri lotuta, harriduraz irakurri nuen atzoko beste albiste hau: «ETBko zuzendaritzak uste du bere aurrekontua %25 hobetu behar dela». Zehazki, 28 milioi euroko finantzaketa hazkundea eskatzen dio Jaurlaritzari hurrengo kontratu programarako. Zuzendaritzak dioenez, hortik bi heren gordeko lituzkete «euskarazko edukiak hobetzeko». Gutxi gorabehera, 16,8 milioi euro, eta batez ere, ETB1 indartzeko. Eskakizun hori, argudiatu dutenez, 2009-2019 bitartean EITBri esleitzen zaion diru-laguntza ia 143 milioi eurotik 130 milioira murriztu delako dator.

Alde batetik, uste dut ETBko zuzendaritzak ez duela ETB1 ikusten. Hain justu, orain esleitzen zaion diru laguntzatik ez duelako, gutxienez, ETB2n inbertitzen den kopuru bera bideratzen euskarazko katera. Krisi honek, izatez, hori nahiko agerian utzi du, eta ETB1 egoera are larriagoan murgildu du. Beraz, alde horretatik eta kontuan hartuta ETB euskara sustatu eta zabaltzeko sortu zela, ez dira etxeko lanak ondo egiten ari. Bestetik, gogoratu behar da 2018an 4,8 milioi euro gehiago eman zizkiola Jaurlaritzak EITBri, eta «gehiena inbertsio teknologikoetan» erabiliko zutela agindu zuen ETBko zuzendariak berripaper honetan. Tartean, Nahieran zerbitzua hobetzeko. 2020ko maiatzean, berdin jarraitzen du zerbitzu eskas horrek.

ETBko zuzendaritzari falta zaiona da telebista langileekin mahai batean jartzea, eta haiek esateko dutena entzutea. Gazteako podcasten arduradunak, behintzat, ideiak argi dauzka. Agian, ETBren arazoa ez da aurrekontua soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.