Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Komunitatea

2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Non nengoen ni 2000ko maiatzaren 22an? Hori galdetu nion nire buruari, Goiena telebistaren gaineko erreportajea BERRIAn irakurri ondotik. Arin pasatzen da denbora, baina 20. urteurrena ospatzea ez da gauza makala tokiko telebista batentzat. Are gehiago, hizkuntza gutxitu batean aritzen bada. Ados, emankizunekin hasteko ez zen zerotik abiatu. Hau da, ordurako Arrasate TB eta Aretxabaleta TB baziren gure bailaran (Debagoiena). Baina hedabidearen baliabide ekonomikoak eta teknikoak kontuan hartuta, azken hogei urteetan egindako lana zoriontzeko modukoa da. Oihane Agirre telebistako zuzendariaren arabera, koronabirusaren krisiak komunikazio taldearenhelburua sendotzea ekarri die.

Kanal desberdinak komunitatearen zerbitzura jartzea du xede Goienak. Internet (Goiena.eus), telebista, irratia (Arrasate Irratia) eta papera (Goiena aldizkaria eta Puntua —Debagoieneko astekaria—), hain zuzen. Publizitatea, diseinua, komunikazio kanpainak, ekitaldien antolaketa eta bideo zerbitzuak ere eskaintzen dituzte. Goiena kooperatiba bat da, eta, ondorioz, langileak dira enpresaren jabeak. Errealitate horrek, neurri handi batean, lana mimoz egitea bultzatzen du. Produktua ez ezik, emaitzak ere axola dizulako, eta zure egitea dakar. Komunitatea zerbitzatzea eta indartzea, kasurako.

Albistegiak, magazinak, kirolak, lehiaketak, elkarrizketa saioak, gazteentzako programak, erreportajeak, kultura zein musika tarteak, umorezkoak... askotarikoa da Goiena Telebistaren programazioa. Hasieratik izan da horrelakoa, eduki aldetik esango nuke ez dutela asko aldatu hogei urtetan. Eta zertarako aldatu ondo funtzionatzen badu? Teknologiaren eta bertako langileen laguntzarekin, hobetu dute teknika, eta, dudarik gabe, saio askoz landuagoak ekoizten dituzte orain. ETBren maila berean.

Tokiko telebista horrek asmatu du bere komunitatetik gertu egoten, interesatzen zaizkion edukiak eskainiz. Are gehiago, nahieran kontsumitzeko aukeraz. Komunitateak, ondorioz, modu berean erantzun du, eta bere egin du Debagoieneko telebista proiektua. Adibide zehatz bat jartzeko, jende andana dago Goiena telebista ikusten duena euskaraz jakin gabe. Pantaila txikian ikusten duen edukia bere inguru geografikotik oso hurbil sentitzen duelako. Ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.