Ferixa Nausikoak Elorrion

Kulturarteko bazkaria jaiei agur esateko

Kainabera elkartearen eskutik, hainbat herrialdetako platerak dastatuz agurtuko dituzte bihar Elorrioko Ferixa Nausikoak

Kainabera elkarteak antolatutako Kulturarteko jaiaren 2016ko edizioa. KAINABERA ELKARTEA.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Txintxirri ikastolak, herriko gaztetxeak eta Besaide dantza taldeak piztu zuten lehengo larunbatean Elorrioko jaiak (Bizkaia) abiarazteko suziria. Bihar, Kainabera elkarteak antolatutako kulturarteko bazkariaren ostean agurtuko dituzte aste bat baino gehiago iraun duten Ferixa Nausikoak.

Udalak, gaztetxeak eta txosnek egitarau oparoa osatu dute, eta igandean oraindik festarako gorputza dutenek izango dute gozatzeko aukera. Goizetik hasita, Kainabera irabazi asmorik gabeko elkarteak antolatuta, zenbait herrialdetako platerak dastatzeko aukera izango dute: Bolivia, Kolonbia, Nikaragua, Senegal, Mali, Maroko, Portugal, Uzbekistan, Mexiko, Venezuela eta Euskal Herria; hamaika jatorri, baina helburu bakarra: festa giroan sabela betetzea norberaren kultura eta ohiturak zabalduz.

«Bost urte baino gehiago daramatzagu egitasmoa antolatzen, eta arrakastatsua izan da hasieratik», azaldu du Amaia Ugalde Begoñak, Kainabera elkarteko kideak. Elkarteak garapenerako lankidetzarekin lotutako munduko hainbat txokotako proiektuak bultzatzea du helburu. Horrez gain, zenbait egitasmo egiten dituzte urte osoan, eta, jaietako ekitaldi gastronomikoaz aparte, hitzaldi sorta bat antolatzen dute maiatzean, «nazioarteko zenbait gatazka sozialen inguruan».

Aurten, Elorrioko jaietan antolatutako kulturarteko bazkariarekin lortutako dirua Zaporeak proiektura bideratuko dute: «Batez ere Grezian dauden errefuxiatuen elikadura bermatzen ahalegintzen da proiektu hori; oso sinbolikoa izango da, hain zuzen ere elikaduraz hornitzeko proiektu bat sustatzen delako janariaren bueltan sortu den ekitaldi baten bidez».

Urtero egitasmo desberdin bat egiten zutela azaldu du, baina munduko platerak egitea erabaki zutenetik errepikatu egin dute, izandako arrakastaren ondorioz. Kontatu duenez, mota guztietako platerak eta edariak probatzeko aukera egongo da, den-denak jatorri desberdineko Elorrioko bizilagunek prestatuak.

«Batzuek urte asko daramatzate gurekin, eta beste batzuek gutxiago, baina denek dute aukera haien kulturaren zati bat partekatzeko». Ugaldek dio urtero gogotsu erantzuten diotela elkartearen deiari, eta harro azaldu du prestatutako janari ia guztia saltzen dutela urtero. «Haientzat benetan betegarria da ikustea egindako lana merezi izan duela, eta jendeak gozatu egiten duela haien herriko zatitxo batekin bada ere.

Aitzitik, jaiak ez dira hor bukatuko, eta nahi duenak ekintzaz beteriko arratsaldea izango du bazkalostean: herri kirolak, bertso saioa eta musika emanaldi bat, hain zuzen ere. Horrez gain, astelehenean idi proba txapelketa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.