Gorritiko gaztelua

Diotenez, 1450ean hamar gizonek zaintzen zuten gotorlekua, eta uste da hiru dorre zeuzkala.

Mikel Arrizabalaga -

2018ko irailak 11
A-15 autobidean zehar, Gorriti (Nafarroa) herriaren paretik igarotzean, oharkabean pasatzen den mendi muino bat bisitatuko dugu gaur. Nafarroako herri polit horretatik, igoera erraza gertatzen da, baina, ibilbidea luzatzeko asmoz, Nafarroako lurretan jaio eta Tolosan (Gipuzkoa) Oriara bere urak isurtzen dituen Araxes ibaiak zeharkatzen duen Araitz haranean murgilduko gara.

Arribe herrian autoa aparkatu, Araxes ibaiaren gainetik pasatu, eliza gure ezkerrera utzi, eta porlanezko malda bizian gorantz abiatuko gara marka zuri-hori-laranjek erakusten diguten norabidean. Tarteka, atzera begira jarri, eta Malloak harresiaren ikuspegi bikainaz gozatzeko aukera izango dugu. Porlana bukatu, eta lur eta harri txingarrezko pista zabaletik bidegurutze nabarmen batera igoko gara, eta, han, egurrezko hesola zahar batean margoturik, Uba edo Gorritira joateko aukeren artean aukeratu beharko dugu.

Uba alderako bidea hartuko dugu, eta bestea itzulerako utzi. Basoan murgilduko gara, gaztainondo, izei, pago eta hurritzen artean. Uba baserrirantz doan bidea utzi, eta eskuinaldetik ateratzen dena aukeratuko dugu. Ezkerraldera pare bat baserri-borda lagata, pagadian sartuko gara, eta sigi-sagan leporaino. Artegietako langara iristean, hori igaro, eta eskuinetik ateratzen den zidor ikusgaitz batetik, tontorrerantz doan bide nagusiarekin bat egingo dugu. Lehen metroak bete, eta ezkerraldera Ezurmendiko hilarriaren ondora igo gara. Tradizioak dioenez, leku honetan Beotibarko guduan hildako bi merio lurperatu omen zituzten. Leku polita eta bitxia. Bidera itzuli, eta aldapa labur eta pikoa gainditu eta gero, baselizaren inguruan Gorritiko gazteluaren hondar xume batzuk ikusi ahal izango ditugu. Nafarroako Erresumaren gaztelu hau Santa Barbara mendiaren gailurrean egon zen. Izena gotorlekuaren gainean eraikitako baseliza xumeak eman dio. Ekialdetik Gorriti herria bera eta Larraun haran alderako igarobidea menderatzen zen, eta mendebaldetik, malkar izugarri batean, Araxes harana.

Beotibarko guduaren lekuko

Gaztelua Beotibarko guduaren lekuko izan zen 1321ean, eta gipuzkoarrek epe labur batez hartu zuten. Diotenez, 1450ean hamar gizonek zaintzen zuten gotorlekua, eta uste da hiru dorre zeuzkala, handia, Sugar Torre izeneko txikiagoa, beharbada Balerdi mendiari begira zegoelako, eta, hor, tradizioari jarraikiz, Sugar (tximistaren jainkoa) herensuge mitologikoa bizi baitzen, eta hirugarren dorrea, segur aski, sarrerako ataria izanen zen. Gure historiaren pasarte txiki hori gogora ekarri, eta metro batzuk aurrerago dagoen Malkorraundiko tontorrean atsedena hartu, eta hamaiketakoa egiteko beta hartuko dugu.

Abiapuntura itzultzeko, mendiaren ertzetik marrazten den xendan barrena jaisten hasiko gara, bi marra gorrik erakutsi diguten bidetik. Lepora iristean, eskuinetik zabaltzen den pistan barrena jaitsiko gara. Pagadian zehar marrazten den bide zabaletik altuera erraz galduko dugu, eta berriro Uba-Gorriti bidegurutzera jaitsiko gara. Puntu horretatik, gorako erabili dugun pistatik segituko dugu. Aurrez aurre, Araitz haranaren gaindi Aralarko Malloak, harresi naturalaz eta paregabeaz gozatzeko beta hartuko dugu herrira heldu aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna