Mendi ibilbidea

Plaiaundiko babesgunea

Balio natural handiko gune hori babesleku paregabea da hegazti migratzaileentzat, eta behatoki aparta hango fauna eta flora ikusteko.
Txingudiko badiaren ikuspegi zabala.
Txingudiko badiaren ikuspegi zabala. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2018ko irailak 18
Martin arrantzaleak, kopetazuriak, antxetak, karnabak, ur-zozoak, uroiloak, zozo arruntak, buztanikarak, ubarroi handiak, kaioak eta beste hamaika hegazti etortzen dira bisitan urteko hainbat sasoietan Txingudiko urmael eta paduretara, janari bila. Bertako uretan murgilduz, putzuz putzu jauzika, lohietan arrastoak utziz eta batetik bestera hegan, naturaren erakusleiho aparta bihurtzen dute ingurune berezi hori. Txingudiko hezegunean hiru sektore daude: Jaizubiako padura, Bidasoan dauden Osinbiribileko uharte txikiak eta Plaiaundiko parke ekologikoa. Oraingo ibilaldian ez ditugunez denak lotuko, Plaiaundiko padura eta hezeguneak aukeratu ditugu bertako biztanleak eta bizimodua hobeto erakusteko.

Balio natural handiko gunea da Plaiaundiko Parke Ekologikoa, eta, hegazti migratzaileentzat babesleku paregabea izateaz gain, behatoki aparta da bertako fauna eta flora ikusteko. Padura, limoak, aintzirak, hegaztiak... Hamaika aukera presarik gabe ibili eta inguruaz gozatzeko. Hegazti espezie askoren migrazio bidean dagoenez eta itsas hegaztientzat ere babesgune egokia denez, iparretik hegoaldera doazen hamaika espeziek hartzen dute bertan atseden. Milaka kilometro bidaian, hegaztiek oasi edo zonalde bereziak —ura, jana eta atsedenerako baldintza egokiak— behar izaten dituzte indarrak hartu eta berriro bidaia luzeari ekiteko.

Parkearen sarreran dagoen Interpretazio Zentroaren ondotik abiatuko gara San Lorenzo aintzira inguratzeko asmoz. Ezkerreko aldetik ateratzen den bidezidorrari jarraituz, denboraldiko urmaelen ondotik pasatu eta Mokozabalaren behatokira iritsiko gara. Bertatik, aintzirako biztanleak ikusteko lehen aukera izango dugu. Faunak babesteko erabiltzen dituen heskaia eta lahardia nagusi diren guneak zeharkatuz, lezkadiaren ondoan dagoen Lertxuntxoaren behatokira helduko gara. Berehala izango gara San Lorenzo aintzira Jaizubiako itsasadarrarekin komunikatzeko dagoen konportaren ondoan. Aurrera doan bidea utzi eta aurrera egingo dugu Lertxunaren behatokira ailegatu arte. Itzulia osatzeko, Interpretazio Zentroraino joango gara berriro.

Txingudiko badia

Bigarren itzulia osatzeko, euriaren urez betetzen den ur gezako aintziraren ondotik hedatzen den bidetik aurrera egingo dugu. Bertan, mota askotako hegaztiak ikusi ahal izango ditugu. Gal estadioa ezkerrean utzi eta joan-etorri txiki bat egingo dugu Itzaberriko padurak eta limoak bisitatzeko. Mareek menperatutako hondartza horretan, hegazti asko biltzen da itsasbehera etorri eta elikagaiak bilatzeko. Eskuinean, Txingudiko badiaren ikuspegi ederraz gozatuz, Txoritegiko aintzira inguratzen hasiko gara, eta beste bi behatoki aurkituko ditugu bertan: Txirritxoarena eta Irletakoa. Ibilaldia amaitzeko, Txingudiko Ekoetxea interpretazio zentroa bisitatuko dugu. Plaiaundiko Parke Ekologikoaren sarreran dago, eta bertan mota guztietako informazioa aurkituko dugu Plaiaundi nahiz badia eta Txingudiko Plan Bereziko naturaguneei buruz: badiaren maketa, ikus-entzunezkoak, behatokia eta beste hainbat tresna, bertako historiari eta parkeko habitaten nahiz faunaren historiari buruzko informazioz osaturik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna