Durangoko 53. Azoka

Musikatu diren Sarrionandiak

Disko-liburua osatu dute Sarrionandiak idatzi eta musikara eramandako hainbat olerkirekin
Xabier Mendiguren eta Angel Valdes Elkar argitaletxeko kideak, atzo, <em>Gure oroitzapenak</em> disko-liburuaren aurkezpenean.
Xabier Mendiguren eta Angel Valdes Elkar argitaletxeko kideak, atzo, Gure oroitzapenak disko-liburuaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 7
Zenbakia eman du Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak: 146. «Bai, 146». Horra, musikatu den Joseba Sarrionandiaren poema kopurua. Bildu dituztenak, horiek. «Sarrionandiak sortu dituen eta, gerora, musikara eraman diren abestiak biltzen hasi ginen duela bi urte eta erdi». Ruper Ordorika izan zen lehena, Valdesen hitzetan. Galtzetan gordetzeko koblak eta Alberto Caeiroren bisita poemei doinua jarri zien Ordorikak Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar) diskoan. 1983a zen. «Ordutik hona, belaunaldi guztiek jarraitu dute Sarrionandiaren hitzei doinuak jartzen». Abestiak bildu, aztertu, baita sortu ere, eta 32 aukeratu dituzte Elkar argitaletxeko kideek, eta Sarrionandiarengana jo dute, berriz, musikara eraman diren poema horiei buruzko iruzkina eskatzeko. Gure Oroitzapenak. Poema musikatuak liburu eta disko bikoitzean bildu dute lana.

Izen bera duen filma aurkeztu zuten aurtengo Donostiako Zinemaldian: Sarrionandiaren hamabi idazlan aukeratuta, film labur bana ondu zuten beste horrenbeste zinemagilek, eta horiek ere ekarri dituzte liburura. «Antologia bat da, baina, kasu honetan, ez da idazleak aukeratutako lanekin osatu, kantariek eta zinemagileek beraien gustuz aukeratutakoekin baizik». Sarrionandiaren 40 urteko ibilbidea bildu dute disko-liburuan, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan. Atzo egin zuten aurkezpena Valdes eta Mendigurenek, Durangoko Azokako Areto Nagusian. Beren-beregi, egitasmorako abestiak sortu dituzte hemezortzi musikari eta bakarlarik: Anari, Audience, Zea Mays, Amorante, Mursego, Izaki Gardenak, Berri Txarrak eta Eñaut Elorrieta, tartean.

Lehen abestia: Hegazti herrariak. Abeslariak ala interpretatzaileak: Xendarineko Ahizpak. Hala dio Sarrionandiak, duela lau hamarkada idatzitako olerkiaz: «Errealitate soziopolitikoaz aspertuta, erretorika literario nagusiez gogaituta, objektuen eta hitzen arteko distantzia larriaz ohartuta, krisi semantikoaren basamortuan, poema bisualak-edo moldatzen ahalegindu nintzen, 1977an edo 1978an». Behinola idatzitako poemak aztertu ditu poetak; eta Maite Mutuberriak ilustrazioa jarri die olerkiei.

Sarrionandiaren lehenak eta azkenak bildu dituzte lanean. «20 urte zituela idatzitakoak eta argitaratu gabekoak bildu ditugu hemen». Mendigurenen hitzetan, idazlearen ibilbidea aztertzeko baliabidea ere bada lana. «Jaso dugun lehen olerkitik azkenera aldea nabari da: umorerantz eta jolas egiten du. Narratiboagoak ere badira azken urteetako poemak». Aldatu egin da Sarrionandia. «20 urteko poeta eta 60 urtekoa ez dira poeta bera».

Erdibideko Sarrionandia: 21. kanta. Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik, Izaki Gardenak musika taldearena. Hala gogoratzen du poetak olerkiaren sorkuntza prozesua. «Testu hau ikustean, zehazki gogoratzen zait idatzi zeneko kontestua: Herrera de la Mancha, 1984ko otsaila edo martxoa. [...] Baldintza gogorrak ezarri zizkiguten».

Belaunaldien artekoa

Bada idazlearen ibilbidean errepikatzen den aldagai bat, Mendigurenen ustez. «Irakurlea harritzeko, pentsarazteko eta gauzak iradokitzeko gogo eta ahalmen etengabekoa du». Egitasmoarekin zubi bat eraiki dutela uste du Valdesek. «Belaunaldien arteko zubia sortu dugu, duela 40 urteko abeslariak eta gaur egungoak elkartu ditugu, denak poesiaren inguruan».

Disko liburuaren azken Sarrionandia: Ikaroren Erorketa. Angel Katarain musikariak gehitu dio doinua. «Logelako horman koadro bat nuen, Ikaro ikusten zen erortzen Habanako portu sarrerako uretara, faroaren aurrealdera. Ohikoa edo etengabekoa egin zitzaidan Ikaroren erorketa. [...] Gertatzen da gauza bat edo bestea, eta gainerakoen bizitzak berdintsu jarraitzen du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna