Aspaldikoa eta iritsi berria

Olympique Lyonek eta Bartzelonak Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur Budapesten. Frantziarrek azken hiru ekitaldiak irabazi dituzte, eta katalanak lehen aldiz iritsi dira finalera

ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Gaur erabakiko da nor izan den Europako emakumezkoen futbolean sasoi honetako talderik onena. Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur Olympique Lyonek eta Bartzelonak, Budapesten (18:00, Gol). Ezagun zaharra da halako partidetan Frantziako taldea, eta azken urteetako txapeldun bakarra, hiru denboraldi segidan baitarama Europan nagusi izaten. Aldiz, Bartzelona berria da finalean; gaur du estreinakoa, eta, azken denboraldietan txapelketa onak egin baditu ere, horrelako aukera handi baten aurrean gaur jarriko da aurrenekoz.

Datu horiek esanda bakarrik, nabarmena da zein den faboritoa, eta Bartzelonak kopa preziatua irabaztea ezuste handitzat hartu beharko litzateke. Baina partida bakarrera izanda, edozer gerta daitekeela esatea ez da alferrik jardutea; ikusi besterik ez dago zer egin zuen Realak aurreko larunbatean Espainiako Kopako finalean, faborito ez zela. Bi partidetako kanporaketa izan balitz, are zailago izango zuen Bartzelonak, iaz ikusi zen bezala. Izan ere, gaurko bi taldeek iazko txapelketan jokatu zuten azkenekoz elkarren aurka, final-laurdenetan, eta bai joanekoan, bai itzulikoan, Lyonek irabazi egin zion Bartzelonari: Lyonen, 2-1, eta Kataluniako hiriburuan 0-1.

Txapelketa bikaina egin dute kataluniarrek. Final-hamaseirenetan larri ibili baziren ere Kazigurt taldea menderatzeko, hortik eta finalerako bidean jokatu dituen partida guztiak irabazi egin ditu; batere golik jaso gabe, gainera. Ondo aritzen da Bartzelona Txapeldunen Ligan; duela hiru denboraldi eta iaz final-laurdenetara heldu zen, eta finalerdietara duela bi sasoi. Bitxia da datua, Espainiako Ligan lau denboraldi segidan baitaramatza titulua irabazi gabe, eta maila hobea duen lehiaketan, berriz, onenen pare badela erakusten ari da.

Horrela jokatu beharko du gaur ere, onenen pare edo hobeto, Lyon handia azpiratzeko. Sekulako garaipen zerrenda dauka, eta ez bakarrik Europan; Frantzian, azken hamahiru denboraldietan izan da ligako txapeldun.

Heberberg da izarra Lyonen

Talde puska dauka Lyonek, eta jokalari on guztien artean bi nabarmentzen dira: Ada Heberberg aurrelari norvegiarra, Urrezko Baloiaren irabazlea, eta Amandine Henry erdilari frantziarra. Bartzelonak ere baditu izarrak: Toni Duggan eta Lieke Martens. Faltako dira batzuk ere gaurkoan: Tajonas, Guijarro eta Hamaraui.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.