'Gazta' filma, Culinary Zinema saileko bederatzi lan luzeen artean

Gastronomia eta zinema uztartzen dituen sailak beste lau film labur ere hartuko ditu Donostian

Mikel Urretabizkaiaren Gazta film luzeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Haragiak zeharkatutako hiru belaunaldi. Auzoko parrila zena erreferentziazko okela erretegi bihurtu duen familia baten istorioa. Kontakizun horrekin itzuliko da Alfred Oliveri argentinarra Donostiako Zinemaldira aurten, Culinary Zinema sailera ostera. Bertan aurkeztu zuen lehen film luzea, iaz, Tegui: Un Asunto de familia, eta aurten bigarren lana erakutsiko du:La leyenda de Don Julio: corazon & hueso. Hark inauguratuko du saila, irailaren 21ean, larunbatez, Basque Culinary Centerren.

Oliveriren lanarekin hasi eta astebeteko epean, Culinary Zinemaren bederatzigarren edizioak bederatzi film luze eta lau labur erakutsiko ditu aurten. Euskal Herriko ekoizpenak denera hiru izango dira; horien artean, Mikel Urretabizkaia kazetariak Gazta fim luzea aurkeztuko du, Idiazabal gaztarekin lan egiten duten artzainen eta sukaldarien ahotsekin osatutako lana, agertokitzat dituena Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendikateak.

Handik Atxondora (Bizkaia), Iñaki Artetak sukaldari jakin baten bidea jaso du bere film berrian: Bittor Arginzoniz. Vivir el silencio. Trece entre mil (2005) eta 1980 (2014) lanen egileak Etxebarri jatetxera jaitsi du fokua —munduko jatetxerik onenetan hirugarrenaren izendapena du—, sukaldariaren eta bere taldearen lan egiteko modura.

Film labur bat da hirugarren euskal ekoizpena: Igor Arabaolazaren Zer jan, hura izan. Gastronomiari lotutako bestelako alderdiak ditu hizpide, hala nola jasangarritasuna eta transmisioa.

Herrialde urrunagoetako sukaldaritzaren laginak ere izango dira sailean. Japoniatik, gaztagile baten istorioa erakutsiko du, batetik, Yoshihiro Fukagawaren Sora No Restaurant filmak; bestetik, Takashi Watanaberen Le Chocolat de H lanak, gozogile entzutetsu batena.

Park Hye-ryoungen The Wandering Chef -ek sendagarrien gaia dakar; Hye-ryoungek Hego Koreako telebistarentzat dozenaka dokumental egin ditu, eta Jiho Im sukaldari ospetsua protagonistatzat hartuta osatu du film berria.

Sergio Pierak galdera bati jarraika ondu du Cocinar belleza: edertasunik izan dezake zaporeak? Artista talde bati zuzendu die itauna, eta Toni Segarra publizista eta Quique Dacosta sukaldaria jarri ditu eztabaida gidatzen.

Mariko Bobrike zinemagile poloniarrak estreinako film luzea erakutsiko du Zinemaldian. Vietnamgo sukaldari bat ipini du The Taste of Pho lanaren ardatzean: Varsovian bizi da, eta Europako kulturara egokitzeko lanetan dabil.

Michael Leikek ere estreinako film luzea du; Tribecako zinema jaialdian aurkeztu ostean erakutsiko du Donostian A Taste of Sky pelikula. Bolivian dago kokatuta, La Paz hiriburuan, eta herrialdeko gazte behartsuei zuzendutako sukaldaritza programa batean ari diren hiru gazte dira protagonistak. Lan honek itxiko du saila, irailaren 27an, Tabakalerako LABe eremu berrian.

Culinary Zinemak hartuko ditu, halaber, Espainiako Nespresso Talents lehiaketa irabazi duten hiru film laburrak: Marta Lopez eta Eduardo Peiroren La receta de la vida, Marc Vadillo eta Marwan Sabriren Huele a ti eta Jose Prada eta Victoria Fresnedaren Nouvelle Cuisine.

Zazpi afari tematiko

Zinemaldiak Basque Culinary Centerrekin antolatzen du gastronomiari lotutako saila. Bertan erakusten dituzte saileko pelikula gehientsuenak, baita Tabakaleran eta Ni Neu jatetxean ere. Emanaldien aurretik, bederatzi lan luzeetatik zazpik afari tematikoa izango dute aurten, eta sukaldari talde ezberdin bat ariko da bakoitzean. Saio horietarako sarrerak ostiral honetan jarriko dituzte eskuragai, 70 euroan; gainontzeko emanaldietarakoak irailaren 15etik aurrera izango dira salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.