Oraingoan, Gipuzkoak agindu du

Zazpi Iturrik eta Behar Zanak aise egin dute aurrera Berria Txapelketan. Oberenaren eta Hernaniren aurka ariko dira final-zortzirenetan

Behar Zanako eta Txukun Lakuako pilotariak, lehia betean. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Behin atariko kanporaketak igaro ondotik, joan den asteburuan ekin zaie XVII. Berria Txapelketako final-hamaseirenei, eta Gipuzkoako pilota elkarteek nabarmen agindu dute jokatutako kanporaketetan. Azken urteotan pilotari on saila ikustera ohitzen ari da Gipuzkoa, eta bistan geratu da zergatik. Batetik, Amezketako Zazpi Iturrik ez zion inolako aukerarik eman Larrauni, lehen bi partidak aise irabazita eskuratu baitzuen sailkapena. Eta, bestetik, Villabonako Behar Zanak ere ongi menderatu zuen Gasteizko Txukun Lakua. Oberena eta Hernani izango dituzte aurkari final-zortzirenetan.

AMEZKETA
Zazpi Iturri(Amezketa) 2
Larraun (Lekunberri) 1


Berria Txapelketaren garaipen zerrendan ohikoa da Zazpi Iturriren izena, eta garai bateko distirarik ez badu ere, klubean lanean ongi ari direla begien bistan geratu zen joan den igandean, Amezketako pilotalekuan. Kadeteen mailan, esaterako, Ruiz eta Karrera amezketarrek 22-3 irabazi zieten Galarza eta Navarro nafarrei. Lehia orekatuagoa espero zen, baina bisitariek ez zuten euren onena eman, urduritasunagatik edo. Gazteen mailan ere antzerako zerbait gertatu zen, eta Zazpi Iturriko Plazaolak eta Gorostidik 22-10 menderatu zituzten Ezkurdia eta Sotil. Hasiera estua eta polita izan zuen partidak, baina gerora hautsi egin zen, batez ere Plazaolak eginiko lan onagatik. Hark eginiko lanak eman zien abantaila kantxan, nahiz eta atzeko koadroetan gehiago izan ziren larraundarrak.

Kontuak hala, nagusien partida hasterako erabakita zegoen kanporaketa. Ondorioz, tentsiorik gabe kantxaratu ziren Zabala-Beloki amezketarrak, eta garesti atera zitzaien. Izan ere, 5-22 galdu zuten Galarza eta Gurrearen aurka. Larraungo bikoteak erakustaldia eman zuen atzean zein aurrean, azken denboran egin duten gorakadaren seinale. Zazpi Iturrik Oberena egungo txapelduna izango du aurkari final-zortzirenetan.

HERNANI
Behar Zana(Villabona) 2
Txukun Lakua (Gasteiz) 1


Estuago joan zen Villabonako Behar Zanaren eta Gasteizko Txukun Lakuaren arteko kanporaketa igande arratsaldez, Hernanin. Gipuzkoako taldeak izerdia bota behar izan zuen sailkatzea lortzeko, batez ere jaialdiko bigarren partidan. Kadeteen mailan, Palacios eta Ormazabal gasteiztarrek 22 -5 irabazi zieten Aranburu eta Otaegi gipuzkoarrei. Alde handia egon zen bi bikoteen artean, eta Palacios izan zen partidako onena. Hain porrot garbia tarteko, Behar Zana derrigortua zegoen gazte mailan hutsik ez egitera, eta Aranburu anaiek lortu zuten helburua. Kostata bada ere, azkenean 22-18 menderatu zituzten Otxoa eta Alaba. Tentsio handiko norgehiagoka izan zen, lehiakorra eta lanean oinarritua. Hasi eta buka, berdinduta ibili ziren bi bikoteak, baina fisikoki osoago heldu ziren bukaerara gipuzkoarrak, eta oso garaipen garrantzitsua lortu zuten.

Izan ere, nagusien arteko dema irabazten zuenak egingo zuen aurrera, eta faboritoek ez zuten barkatu. Behar Zanako Urbieta II.ak eta Erasunek 22-7 irabazi zieten Diez de Gereñu eta Ramosi. Izen handiko bi pilotarik jokatu zuten gipuzkoarren izenean, eta ederki antzeman zen. Erasunen sendotasuna eta Urbietaren errematerako ahala nagusitu ziren. Final-zortzirenetan, Hernaniren izango du aurkari Behar Zanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.