Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Baskitisa baino gehiago

2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herritik urrunduta ere, ezin munduko hiritarraren paper erosoaren goxoan babestu. Jaioterrira maiz xamar itzultzearekin nahikoa ez, eta badira aste batzuk Bartzelonako Euskal Etxean lanean ari naizela. Dena ez da kalte, ordea. Jatorri guztietako jendea elkartzen duen hiri honetan, euskaldun izateak sortzen du oraindik bertakoengan halako sinpatia bat. Baskitis esaten diote probokatzaileenek. Elkartasuna beste batzuek.

Deitura edozein duela ere, estimu horrek eta Katalunian preso politikoek (in)justizia gai zentral bilakatu izanak azaltzen dute herenegun gauean jazotakoa: kartzelan 800 egun bete dituzten Altsasuko gazteak ardatz dituen Feridas obertes dokumentala eman zuten TV3n, loreak, txaloak eta milaka kataluniarren arreta bereganatuz. Sense ficciò izeneko saioak hamar urte —atzoko saioarekin ospatu dute urteurrena— daramatza klase guztietako dokumentalei tokia egiten, baina inoiz gutxitan lortzen du atzokoaren pareko arrakasta. TV3eko dokumentala izan zen egun osoan Katalunian gehien ikusi ziren saioen artean bigarrena.

Dokumentalak berak ere badu meriturik. Adituen ikuspegia eta bizipen pertsonalagoak ondo uztartuz eta errealizazio zainduarekin osatu du Bas ekoiztetxeak, Anna Sanmarti eta Albert Seguraren zuzendaritzapean. Altsasuko gazteen hariari tiraka, gai zabalagoetaraino ere heldu dira, gainera: Espainiar Estatuaren errepresio tresnak, gatazkaren ondorioak, ETAren amaieran Espainiar Gobernuak izan duen jarrera...

Sare sozialetan ere oihartzun deigarria izan du, askoren elkartasun sena pizteraino. Pentsa: gaur goizean zehar Euskal Etxean salgai ditugun Altsasukoak aske kamisetak nola eskuratu galdetzen duten dozena erdi e-mail jaso ditugu.

TV3k nola ETBk ere gaurkotasunezko erreportaje sozial landuetan aurkitu du bere lan-ildo bereizgarrienetako bat. Emaitza onak ekartzeaz gain, pixka bat baretzen du katearen funtzio publikoa aldarrikatzen dugunon ezinegona. ETBn ere dokumentala ikusi ahal izango da; bitxia den arren, geroago. Igandean izango da, 22:00etan ETB2n, 360º saioaren tartean. Orduan jakingo dugu ETB2 edo TV3en dokumental bera begi desberdinekin ikusten den edo ez. Gora egingo du kamiseta eskariak Euskal Herrian ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.