Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Xumean prestu

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Tuterako Gaiteroak, Paloteado taldea, Erriberako Olentzero, Argia ikastola eta Eutsi musika taldea lagun, Tutera, edo Tutera puska batzuk behintzat, euskaraz ezagutzeko aukera ematen du Nafar Away saioaren lehen atalak, Yasmine Khris Maansri aurkezlearen eskutik. Hamaika telebistan estreinatu zuten saioa asteartean, eta kanal horren webgunean dago ikusgai geroztik. Bidaiatzeko aukerak hain mugatuak dauzkagun garaian, Nafarroan zehar ibiltzeko aukera emango du saioak, euskara ardatz harturik, datu soziologikoei baino gehiago, aurkitzen dituen euskaldunei eta haien bizipenei erreparatuta.

Euskara nekez baina ilusioz ikasia da Yasmin Khris Maansri, eta modu berean ikasiak dira Tuterako euskaldun gehienak. Horregatik, eta baita kamera aurrean erakusten duen naturaltasunarengatik ere, ederki konektatu zuen aurkezleak Tuterako elkarrizketatuekin, eta saioa, bere xumean, gustura ikusteko modukoa izan zen eta, zalantzarik gabe, bihotz-altxagarria euskararen aurka han-hemenka entzuten diren zaunka garratzez kokoteraino gaudenontzat. Ondo dakigun arren zaunkariek ez dutela ikusiko, edo ikusiz gero mespretxuz baino ezin izango diotela begiratu.

Ordu batzuk geroago, gau betean jada, 00:40an hasita, San Sebastian eguneko festarekin lotutako programazioaren barruan, Paola Motoren Amamaren danborra eman zuen ETB1ek, emakumeek Azpeitiko danborradan parte hartzeko egin behar izan duten borrokari buruzko dokumentala, Alaitz Olaizolaren gidoiarekin eta 22 herritarren lekukotasunak bilduz osatua. Antzeko beste borroka batzuen aldean gatazka gutxiagokoa izan bada ere, izan du bere mamia Azpeitikoak ere, dokumentaleko lekukotasunek erakusten dutenez. Mereziko luke dokumentalak beste aukera bat, ordutegi normalagoan.

Aurrekontu gutxiko lan xumeak dira hala Nafar Away-k Tuterari eskainitako saioa nola Amamaren danborra dokumentala, eta bietan lekukotasunak ematen agertzen diren protagonistak ez dira oso ezagunak nor bere ingurutik kanpora, baina bi lanek ondo jasotzen dute islatu nahi duten errealitatea: euskararena Tuteran kasu batean; bestean, emakumeen parte hartzea Azpeitiko danborradan. Zorionez, horrelakoak ez dira falta izaten telebistan, kasu askotan nahiko ezkutuan egoten diren arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.