Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Lebowski txiki

2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Berdin dio amets amerikarraren narratiba zuloz josia sinesten duzun, edo iruditzen zaizun distopietan ilunena dela itsasoaren beste aldeko herrialde handiki hori. Ameriketako Estatu Batuak alegiazko lurra dira gehienontzat. Bertako edozein txoko ikusita, ezinbestean etorriko zaizkizu gogora dozena erdi bat film edo telesail. Eta jakin gabe ere, ohartuko zara ezagun egiten zaizkizula biribilgunerik gabeko errepide luze horiek, motel zaharkituak, tabernak, desertu itxurako zelaiak. Botere biguna esaten zaio horri: pantailak sartu dizkigu etxe barruraino. Baina ez daukagu erabat argi zenbat duten egiazkotik. Ez ote dira atrezzo soil? Behin eta berriz erabiltzen dituzten dekoratuak akaso?

Horregatik da kontraste erabatekoa Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga filmak gertatzen diren toki horietan ikustea. Euskal Herriko herri eta auzo gehientsuenak zapaldu ostean, Atlantikoa gurutzatu dute Herri txiki, Amerika handi izeneko saioa ontzeko. Eta bai: han ere jolasean aritzeko prest dauden dozenaka euskaldun aurkitu dituzte. Orain hamarkada batzuk joandakoak edo euren seme-alabak, nagusiki. Bai, behintzat, lehen atalean ezagutu duten Boise hirian. Hurrengo ataletan San Frantzisko, Reno, Las Vegas eta Los Angeles ere bisitatuko dituzte. Izenburuak dioenaren kontrara: AEB pixka bat txikiago, ukigarriago egingo dute.

Hain bizi luzea izan du Herri txiki-k, non ez baitzen harritzekoa ikusle bat baino gehiago nekatu izana. Baina zure kasua hala balitz ere, aldaera berriak merezi du aukera ematea. Jatorrizko saiotik ondoen funtzionatzen duena mantendu dute, nola ez: bikote komikoaren dorpezia eta liskarrak jende xelebreenaren naturaltasunarekin uztartu dituzte beste behin. Baina horri guztiari marko landuagoa jarri diote. Narratiboki, Hollywooderaino iristeko grinak lotuko ditu atal guztiak, nolabaiteko road trip-a osatuz. Akaberarekin ere berdin: ohi duena baino zainduagoa du, drone bidezko irudi eta guzti, filmetako estetikara gerturatuz. Eta eszenak imitatzeko jolasa abiatu dute. Lehen atala film klasikoei egindako keinuz dago josia: Psycho, Telma & Louise... Eta The Big Lebowski. ETBren 40 urteko historia idazten denean, toki txiki bat gordetzeko modukoa da Pagadik boleran Jesus Quintana imitatzen duenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.