Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Memoria historikoa

2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Imajina ezazu une batez ondorengo hau gertatzen zaizula: 18 urte dituzu, eta haurdun zaude. Gibraltarreko itsasartean bizi zara, 1970eko hamarkada hasieran, eta bertako ospitalean erditzen zara. Dena normal horra arte; izan ere, ikusi duzu sendagileak zure haurra besoetan hartu duela. Halako batean, baina, pertsona horrek buelta erdi ematen du, eta gelatik irteten da haurrarekin. Ondotik, gelara sartzen da berriro, eta zure haurra hil egin dela esaten dizu. Horixe gertatu zitzaion The Silence of others (2018) dokumentalaren protagonistetako bati. 28 urte geroago irakurri zuen bera ez zela izan gertakari hura bizi izan zuen emakume bakarra. Oker zaude haur lapurtuen auziaren gaineko lana dela uste baduzu; izan ere, Francoren diktadurak utzitako biktimak zein bizirik irtendako pertsonen istorioak ekartzen ditu dokumental honek.

Almudena Carracedo eta Robert Bahar zinemagileek zuzendutako lana da, Pedro Almodovar zinemagilearen ekoizpen laguntzarekin. Bizitza pertsonalean ere bikote dira Carracedo eta Bahar. Hain justu, dokumentala egiteko motibo izan zen elkarrekin alaba izan zutela 2010ean, hau da, haur lapurtuen auziak medioetan eztanda egin zuen urtean. Francoren diktadura garaian, bereziki Espainiako Gerra Zibilaren ondotik, ustezko «genoma gorria» zeramatela argudiatuta, haurrak kentzen zizkieten erregimenaren kontra egiten zuten familiei. Franco hil ondoren, gainera, praktika hori ez zen eten. Trantsizio garaian, arrazoi politikoetatik moraletara egin zuten salto: senarrik gabeko emakumeei edota jada haur askokoei lapurtzen zizkieten jaioberriak. Dokumental horri esker, 2.000 kasu argitu dira; baina erantzunik gabe jarraitzen dute 100.000 kasuk baino gehiagok.

Atzerrian ezaguna da Espainiak izandako jarrera memoria historikoa berreskuratu nahi dutenekiko. Hainbat herri ekimen egin dituzte Francoren diktadura garaian gizateriaren kontrako krimenak egin zituztenak epaitzeko eskatuz. Ordea, handiagoak izan dira Madrilgo gobernuak jarritako oztopoak. Halako lanak ikusita, ohartzen zara generazio horren parte zarela, zeinari eskolan ez zioten kontatu Gerra Zibila benetan nola gertatu zen. Horregatik dira beharrezkoak lan horiek, halakorik berriro gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.