EKOGRAFIAK

Burbuilak

Miren Manias.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lagun batek honakoa galdetu zidan aurrekoan: «Zein da Glasgowko zure txokorik kutunena?». «Ez dakit», erantzun nion. Nahiz eta ia hiru urte daramatzadan hirian bizitzen, esango nuke oraindik ez ditudala ezagutzen hemengo toki asko. Beste lagun batek zera esan zidan: «Burbuila batean bizi zara». Arrazoia dauka. Glasgowko West End inguruan dut etxebizitza. Gehienbat unibertsitateko ikasleak eta erdi mailako jendea bizi den toki batean. Erdigunera 25 minutu daude, oinez. Hortik harago, oso gutxitan ibili naiz. Besteak beste, hiriaren iparraldean eta ekialdean. Langileria eta pobrezia maila altuko auzoetan, hain zuzen ere. Horregatik, Glasgowko nire argazkia mugatua da. «Burbuila» batean bizi banintz bezala, alegia.

Garazi Goia Sky telebistako estrategia zuzendariak honakoa adierazi berri du Ttap aldizkariko elkarrizketan: «BBC bezalako etxe batean jendeak markarekiko sentitzen duen identifikazioa, pasioa, indarra lortzea marka horri buruz oso zaila da. Nik ez dut ikusi beste inon. Horrek atentzioa eman zidan hasieratik. Marka horrekin jaio dira, hezi dira eta ikasi dute, eta euren bizitzaren parte bat ere bada. Horrela sentitzen dute erantzukizun hori. Hori, adibidez, ez dut hemen [Euskal Herrian] ikusi».

Eskozian, zehazki, BBC ez dute askorik maite. Garbi dute, esate baterako, Erresuma Batuko telebista publikoak bereziki mezu negatiboak zabaldu zituela 2014ko independentzia erreferendumean, eta eskoziarren erabakian eragin nabarmena izan zuela. Egun, brexit-aren korapiloa jarraitu besterik ez dago BBC bidez, ohartzeko erakundearen ildo editoriala Londresek agintzen duela oraindik. Baita herrialdearen eskualdeetako eta nazioetako (Ipar Irlanda, Gales eta Eskozia) BBC kateetan ere. Beraz, nolabait esateko, Londres «burbuila» da.

Ni ETBrekin jaio nintzen, 1980ko hamarkadan. Euskarazko telebistarekin hezi nintzen eta asko ikasi nuen. Areago, «marka» batekiko identifikazioa sentitzen nuen —Super Bat klubeko txartela eta Dragoi bola-ko kromo bilduma urrea balira bezala gordeak dauzkat, pentsa—. Garai hartan ikaskide gehienok genuen pasioa euskal telebistarekiko. Beraz, ETB gure bizitzaren parte garrantzitsua izan da «hemen». Orain, beharbada, ETB2 «burbuila» bilakatu da eta gazteek beste istorio bat kontatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.