Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

COVID, COVID, COVID, COVID...

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Lorea Intxausti aktoreak halaxe kantatzen zuen, mendian dantza egiten zuen bitartean, ETB1eko Vaya Semanita Xtream saio errepikatuki errepikatuko esketx batean: «COVID, COVID, COVID, COVID...», eta halaxe jarraituko du oraindik ere batzuetan kanal horren 21:00etatik 21:30erako zulo beltzean. Aspaldi honetan denok gaude, neurri batean, aldez edo moldez, Andoni Agirregomezkorta esketx horretan dagoen bezala, gizajoak ez baititu COVID-19ari buruz kontuak eta kantuak baino entzuten, ez telebistan eta ez telebistatik aparte, bizitza errealean.

Gaiari buruzko lau ikuspegi jaso ditu Berria Telebistak Testigantza konfinatuak, konfinamenduaren ertzetan20 minutuko dokumentalean: gaztetxo autista batena eta haren amarena (Luken Orbegozo eta Nekane Zalbide); haurdunaldia konfinamendu betean bizitzea egokitu zaion ama batena (Samara Velte); konfinamenduan bakardadea pairatu behar izan duen 80 urteko emakumearena (Bittori Ugarte); eta anbulantzietan eta ZIUetan lan egindako mediku batena (Ruth Salaberria). Pandemiak ekarri duenaren neurria ematen du Nagore Arinek eta Lara Madinabeitiak egindako lanak, laburtasunak ahalbidetzen dion neurrian. Azken testigantza da beharbada pandemiaren eta haren ondorioen neurria ondoen ematen duena: «Hemen gertatu dena ezin da kontatu ere egin», dio une batean Salaberriak.

Telebistan, arestian aipatutako esketxak ere aditzera ematen duen moduan, beste hedabide guztietan bezala —eta bizitzako arlo guztietan azken batean—, presentzia handia izan du pandemiak, eta utzi du irudi eta testigantza gogoangarririk, baina gero eta zailagoa gertatzen da gai horren inguruan ikusleen interesa pizteko moduko ezer sortzea, «COVID, COVID, COVID, COVID...» kantua belarriko zuloraino sartua baitugu denok, eta honetatik hobeak, hobetuta, hobeto edo ezin hobeto irtengo ginela zioen hastapeneko lelo hura sinisteari utzita. Horri buruzko datu zehatzik izan gabe ere, pentsatzekoa da plataformen hazkundeari lagundu diola orain arte pandemiak, telebistaren kaltean akaso, eta bereziki telesailei, zinemaren kaltean dudarik gabe. Hau da, lehendik ere goranzko joeran zirenei eman bide die bultzada, edo hori da behintzat dagoen susmoa. Bizitzaren arlo gehienetan bezala, seguru asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.