Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Urrutiko intxaurrak

2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gertuko istorioak ezagutzea beharrezkoa izaten da gure historia sortzeko eta memoria mantentzeko. Azken urteetan, Euskal Herrian gertatutakoaren memoria historikoa egiteko kanpotik datorren laguntza behar dugula saldu digute batzuek. Esaterako, HBO Euskal Herrira etorri zen Patria telesaila egiteko. Euskal gatazkan oinarritutako eleberri eta telesail horrek memoria historikoari gutxi lagundu dio. Patria telesaila egin baino lehenago, Crossover telesailen jaialdian egindako afari batean gai horren inguruko eztabaida sortu nahi izan nuen. Gure memoria sortzeko, euskal ekoizle eta kateek sortutako eta banatutako lanak egin behar direla aipatu nuen. Patria bezalako fikzioak ez ditut mespretxatu nahi, baina, horrelako formatuez gain, Euskal Herrian egindako dokumentalak beharrezkoak zirela aldarrikatu nuen.

Zorionez, dokumentalak egiten hasi dira. Baina horiek ikusteko aukerak eskasak dira. Dokumental formatuak arrakasta txikia izaten du zinema areto komertzialetan, eta, pandemiaren ondorioz, jende askoknahiago du horrelako lanak etxean ikusi. 2020. urtean Non dago Mikel? dokumentala Donostiako Zinemaldian ikusi nuen, eta horren inguruan idatzi nuen BERRIAn. Proiekzioa amaitu zenean hitzaldi txiki bat egon zen zuzendariekin, eta bertan ginenen artean lan horren ibilbidearen inguruan galdetzen aritu ginen. Izaskun Arandia ekoizlea zegoen bertan eta ETBn estreinatzeko nahia erakutsi zigun; hori bai, lehenago zinema aretoetan estreinatu nahi zuten lana. Aste honetan, TV3 aurreratu egin da eta dokumentala estreinatu du. Ikusle kuota nahiko ona lortu du lanak eta publiko katalanak gai horretan interes handia duela argi geratu da. ETBn, aldiz, lan hori kaxoi batean gordeta dute oraindik eta noiz aterako den ez dute argitu. Zabalzaren familiak kutxa bat zuen eta bertan Mikelen heriotzaren ostean jasotako gutun eta egunkari zatiak zeuden. Dokumentala egiteko Zabalza familiako iloba gazteenek kaxa hori ireki zuten; ETBk, aldiz, bere kaxoia itxia mantentzen du oraindik.

ETBren kaxoia irekitzen den bitartean, TV3eko webgunean ikusgai dago lana oraindik. Bitartean, dokumentalaren ekoizleek kanpoko plataforma baten bila jarraituko beharko dute. Polita izango litzateke ETBk plataformei aurre hartuko balie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.