Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Etzi

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Euskarak tokia behar lukeela streaming plataforma handietan. Hori da, besteak beste, euskalgintzako eta sektoreko dozena bat eragilek azken urteotan aldarrikatu dutena. Itxaropenak onartu berri den Espainiako Ikus-entzunezkoen Legean jarri zituen batek baino gehiagok, baina ustela atera da apustua. Azkenean, egoitza soziala estatuan dutenei eragingo die soilik. Euskarari atea —enegarrena— itxi zaio danbatekoz; baina, bien bitartean, euskaldunek —edo euskal herritarrek, nondik begiratzen den— arrakalak eta zirrikituak aurkitzen dituzte mundu mailako plataforma handien erakusleihoan agertzeko.

Deigarria da aste honetan gertatuko dena: egun berean —ekainaren 10a, ostirala— euskal edo vasco usaina duten bi telesail argitaratuko dira industriako bi mastodonteren eskutik: Netflixek Intimidad plazaratuko du, Txintxua Films ekoiztetxeak ondua den eta Itziar Ituño protagonista duen telesaila; eta Amazon Prime Videok Sin límites jarriko du lehen aldiz ikusgai, Magallaes, Elkano eta enparauek munduari bira emateko egin zuten bidaia oinarri duena. Alvaro Mortek jokatuko du itsasgizon getariarraren rola, eta Barbara Goenaga aktore donostiarra ere castingeko kide da.

Ez da kasualitatea; bi telesailetako protagonistak La casa de papel-eko aktore nagusi izandakoak dira: Itziar Ituño (Lisboa) eta Alvaro Morte (El profesor). Horretaz gaindi —eta jaiotegun bera izango badute ere— ez dira ahizpatzat har daitezkeen bi lan. Intimidad-ek Txintxuak orain arte jorratutako ildoari jarraitzen dio: gaurko istorio txikietan —edo ez hain txikietan— dauden egia konplexuak arakatzen. Bilbon dago girotua eta hauxe du hari nagusia: Malen Zubiri izeneko politikariak bere baimenik gabe grabatutako bideo sexual baten zabalkundeari egin behar dio aurre. Ituñoz gain, Yune Nogeiras eta Patricia Arnaiz ere agertuko dira.

Sin límites telesailak, aldiz, 500 urte egingo du atzera. Euskal Herrian Elkanori begiratzeko modu kontrajarriak loratu dira orain gutxi, baina susmoa dut telesail horrekin ia denak izango direla ados: eman dioten epikotasun beliko horrek ez ditu ez batzuk ez besteak aseko. Susmoak ez dira oinarri sendoegia, ordea. Ostiralean hasiko dute bidea bi telesailek. Jarraituko diegu arrastoa: aurreiritziekin, baina harritzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.