Atzeraguardian bizitako gerrak

Hiru emakumeren bitartez, 36ko gerraren aurretik Franco hil ostera arte gertatukoak bildu ditu Yoseba Peñak 'Hariak' eleberrian
Yoseba Peña, <em>Hariak</em> bere bigarren nobela aurkeztu zuen egunean, Donostian.
Yoseba Peña, Hariak bere bigarren nobela aurkeztu zuen egunean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko azaroak 9
Emakume aurpegi bat darama azalean Yoseba Peñaren ( Sodupe, Bizkaia, 1977) Hariak bigarren nobelak. Ez da irudi aratz bat. Mugimendua dario, lepo bakarretik aurpegi bat baino gehiago erakusteraino. Itzalak ageri dira inguruan, eta, erdian, emakume gazte baten begirada. Indartsua. Lander Garrok egin du azala, eta balio du Peñak kontatu nahi izan duena ikusten hasteko: 1930. eta 1980. urteen arteko Euskal Herrian bizitakoak bildu ditu eleberrian, belaunaldi ezberdinetako hiru emakumeren bizipenetatik. Frontean ez baizik atzeraguardian gerrak hartzen dituen formetara jo du horretarako. Susa argitaletxeak argitaratu du nobela, eta, Leire Lopez Ziluaga editorearen arabera, «normalean kontatzen ez den hori» kontatu du Peñak: «Ez dio erreparatu letra larriz idazten den historiari. Gehiago erreparatu die horren azpian dauden infraistorioei. Ekintza handiak gertatzen diren bitartean gertatzen diren beste txiki horiei».

Hiru garai, hiru emakume

Liburua hiru ataletan banatu du Peñak, eta atal bakoitzari protagonista baten izena eman dio: Irene, Xexili eta Olatz. «Hiru emakume kementsu, gure hiru gako historikoetan», Peñaren hitzetan. Aurreneko atala 36ko gerraren aurreko, bitarteko eta segidako urteetan girotu du, Zarautzen (Gipuzkoa), eta karlisten eta jeltzaleen arteko liskarren, gosearen, politikarien hilketen, greben eta orduko giro nahasiaren lekuko izango da Irene. Testuinguru horretan ezarri zaion rola apurtzen saiatuko da, gainera. Lopez: «Atzeguardiaren garrantzia eta zailtasuna da hor agertzen zaiguna: ez horrenbeste batailoiak, baizik eta nola egiten den jateko dirurik ez badago, esaterako».

Bigarren atala diktadura frankistaren urteei gorde dio Peñak. Xexilik amama frankistari lagunduko dio jostun lanetan, eta ez du egoera politikoaz askorik galdetuko, ahizparen eta senarraren bidez aurretik urrunak zitzaizkion errealitate batzuetara hurbiltzen den arte: ikurrinaren aldeko ekintzetara eta ikastolen aldeko mugimendura, kasurako. Horren ondotik, hirugarren eta azken atalean, frankismoaren azkenetan eta diktadorea hil ondorengo lehen urteetan, bere garaiko ekintzailetza politikoan murgilduko da Olatz: Txikiren fusilatzearen aurkako panfletoak banatzen hasiko da, errepresioak harrapatuko du, eta ETAren borroka armatura lotuko da gero.

«Nolabait, aldaketaz ari naiz: gerra aurreko emakumeetatik frankismo ondorengo emakumeetara», azaldu du Peñak. Nobelako zati bakoitza bere buruan «fotograma» bat izan dela azaldu du, eta horien bitartez eraiki duela mugimendua, aldaketa, Garrok egindako azalean irakur daitekeena. Aldi historiko bakoitzaren barruko aldaketak ere ikertu ditu, eta hainbat elkarrizketa egin ditu dokumentazio lanerako.

Hiru emakumeen istorioen bitartez, memoriaren transmisioan arakatu nahi izan du Peñak, batik bat. Belaunaldi batetik bestera galtzen den memoriaz gogoeta ireki nahi izan du hala, editorearen esanetan. «Esaterako, Olatz ETAn engaiatzen denean, ez daki zein izan den bere aurrekoek izan duten ibilaldi politikoa». Horrekin batera, justiziaren inguruko eta kulparen inguruko galderek ere zeharkatzen dute eleberria.

Emakumeen lekutik idaztea

Nobela idazten hasi zenetik, hiru galdera izan ditu aurrean Peñak: «nola heldu ziren gerra zibilean bizilaguna salatzera, akabatzera?»; «nola heldu ziren gero esnatze kolektibo batera, eta horren truke zer sufritu zuten?»; eta «zergatik eta nola sartu ziren hainbat gazte tiroak jotzera eta bizia arriskuan jartzera, bizia galtzeraino eta besteei bizia kentzeraino?». Galderen alboan, eszena batzuk ere izan ditu gogoan: frankistek Elgetako (Gipuzkoa) Anttoni Telleriaren gurasoak erail eta bera bortxatu zutenekoa; eta Yoyesi eta haren semeari Donostian atera zioten argazkia, besteak beste.

Bera gizona izanda, emakumeen ikuspuntutik idazteak «zalantza eta kontraesana» sortu dizkiola aitortu du idazleak. «Idazterakoan, oso kontziente izan naiz horretaz». Nobelan fikziora eraman dituen emakumeek «gizonek utzitako hutsuneak» bete behar izan zituztelako hautatu du ikuspuntu hori: «Emakumeen inguruan ari naiz, baina, aldi berean, gizonok ez egindakoaz ere ari naiz, gizonon huts egiteaz». Arrazoi pertsonalak ere izan ditu, orobat, istorioa andrazkoen ahotsetatik kontatzea erabakitzeko. «Gure birramamak, esaterako, kontatzen zuen Alfonso XIII.a botatzeko botoa eman zuela, noiz eta emakumeek botoa emateko eskubiderik ez zutenean. Mozorrotu, eta birritan bozkatu zuen. Horrelakoak izan dira nire familiako emakumeak».

Idatzi bitartean gogoan izan dituen literatur lanen artean Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik aipatu zuen Peñak, aurkezpenean. Lan horretan irakurri zuen hauxe: «Gerraz dakigun guztia gizonaren ahotsaren bitartez dakigu. Gizonezko pertzepzio eta sentsazioen gatibu gara, gizonezko hitzen gatibu. Emakumeak, bitartean, bizirik daude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna