Albistea entzun

Amaierara arte irakurri behar den istorioa

Nell Leyshonen 'Esnearen kolorea' eleberria itzuli du Irene Aldasorok. Istorioak eragiten dituen emozioak nabarmendu ditu editoreak
Irene Aldasoro, atzo, <em>Esnearen kolorea</em> eleberriaren aurkezpenean.
Irene Aldasoro, atzo, Esnearen kolorea eleberriaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2018ko azaroak 23 - Donostia

«Da liburu txiki, xume, lau eta oso ondo biribildutako bat» esanez hasi du Irene Aldasoro itzultzaileak Esnearen kolorea (Alberdania) eleberriaren aurkezpenean. Eta haren berezitasunetako bat ere kontatu du: «Normalean, liburu bat irakurtzen hasten zarenean, espero ez dituzun gauzak segituan agertzen dira. Honek daukana da ezin dela kontatu zer gertatzen den». Izan ere, bukaerara arte ez da argitzen misterioa. Euskarara iritsi aurretik, ibilbide oparoa du eginda Nell Leyshonek (Glastonbury, 1961) orain sei urte argitaratutako The Colour of Milk-ek. 2014an, esaterako, Madrilgo liburu dendarien elkarteak Urrezko Liburu izendatu zuen, eta, urte berean, frantsesera itzulitako liburu onenari ematen zaion Femina sarirako aukeratu zuten.

Mary da protagonista nagusia, 14 urteko neskatila bat, eta istorioa idazleak oso ondo ezagutzen duen mikrokosmos batean dago kokatuta: nekazari giroko Ingalaterran, baina iraganean, 1830eko hamarkadan. Lau alabetan gazteena da Mary, eta orduko familia batentzat semerik ez izatea nahikoa zorigaitz ez, eta hanka bat gaizki du. Ilea, berriz, protagonistak esaten duen bezala, esnearen kolorekoa. Halako batean, familiak dirua behar duela eta, bikarioaren emazte elbarritua zaintzera bidaltzen du aitak.

Sekula amestuko ez zuen zerbait lortuko du bikarioarenean neskatilak: irakurtzen eta idazten ikastea. «Eta gauza batzuk esanda eta idatzita utzi beharra sentitzen du ». Narratzaile bakarra da Mary, eta urte sasoien izenekin banatzen ditu nobelako lau atalak, udaberritik hasita. Ekintza kate bat da kontakizuna, eta hasieratik amaierara kontatzen du gertatua. Letra xehez idazten du, baita pertsonen izenak ere; elkarrizketen marrarik ez du erabiltzen, eta komak ere oso gutxi. «Badago baliabide bat oso inportantea: tarteka, irakurleari hitz egiten dio Maryk; esaten du, 'ez zait hau kontatzea gustatzen, baina...', eta tira egiten dio irakurleari».

Irakurtzen eta idazten irakatsiko dion bikarioaren etxera iritsitakoan, badirudi Maryren bizitza ilunetik argira egiten hasi dela, baina orduan ikusiko du batzuetan zeinen saihetsezina den hondamendia. Bukaera indartsu bat du istorioak. «Boladan dagoen gaietako bat ekartzen du, eta ahotsa jartzen dio bazterretan izango ziren hainbat Maryk esan ezin izan dutenari».

Aldasorok azaldu du ahots hori euskaraz sinesgarri izango zen modu batean ematea izan dela itzulpenaren erronka. Jatorrizko bertsioan bezala, ekintzen kateei eutsi die; komarik gabe idazteak ulermen aldetik ekar zitzakeen arazoak saihesteko, ahalik eta gehien soiltzen saiatu da; eta hizkera herrikoia erabiltzeko ahalegina ere egin du nekazaritza giro hura islatzeko.

Xalotasun eraginkorra

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorearen esanetan, «maisulan» bat da Leyshonen eleberria: «Nola kokatzen dituen pertsonaiak bere benetako inguru eta sentipenetan, intentsitateak nola graduatzen dituen, eta zeinen modu naturalean aurkezten dizkigun pertsonaiak». Maryk bere drama kontatzen duenean, ez du teorizatzen, ez du gogoetarik egiten, kontatzera mugatzen da, gauzak beste era batera izateko modurik ez balego bezala. «Tresna horiek edukita, oso erraza da autoerrukiaren bideetan edo infantilizazioaren bideetan galtzea, baina Leyshonek sekulako ariketa egiten du». Editorearen esanetan, oso zaila da xalotasun hori euskaraz nahiz beste edozein hizkuntzatan ematea, baina ezin hobeto egin du Aldasorok, eta horren erakusgarri da lortu duen xalotasun eraginkorra. «Leyshonek nobela honetan kontatzen dituen gauzek irakurleen emozioak eragingo dituzte, batzuetan, negar malkoen punturaino».

Emily Bronteren Gailur Ekaiztsuak itzulpenari esker, aurtengo Euskadi saria jaso du Aldasorok, eta horri ere egin dio aipamena Gimenezek: «Pena da aurten sari hori jaso izana, datorren urtean ezin baitzaio pertsona berari sari bera eman, eta hemen, Euskadi saria izan zitekeen eta izango zena daukagu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat Rosa Valverderen hainbat kutxari begira, Donostiako San Telmo museoko laborategian jarri duten erakusketan. ©Andoni Canellada / Foku

Kaxetan bildutako mundu bat

Ainhoa Sarasola

Rosa Valverde artistak bere ibilbide osoan ondutako 52 kutxa daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan, Arte kaxak erakusketan. Artistak askotariko objektuekin zuen harremanaren lekuko dira.

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.