Azoka Zamudion

Gozokiak eta abereak azoka bakarrean

Txokolate, gozoki eta artisau azokaz gainera, abere eta nekazaritza azoka ere egingo dute bihar eta etzi Zamudion. Bi karpa egongo dira

Euskal ogi artisau baten salmenta postua, Zamudioko azokan, iaz. AIDEAC KOMUNUKAZIO AGENTZIA.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Zentzumenak aktibatzeko moduko azoka bat egingo dute Zamudion (Bizkaian). Guztira 90 postu jarriko dituzte saltzaileek, eta produktu gaziak eta gozoak eskainiko dituzte. Kotxozuloko parkean, bihar hasi eta etzi bitarte egongo dira postuak karpapean. Abereak ere asteburu osoan egongo dira ikusgai, limusin arrazako abelgorririk onenak barne. Asier Amarika antolatzaile eta udaleko kultur zinegotziarentzat, azoka berezia da Zamudiokoa: «Kalitatezko produktuak egiten dituzten ekoizleak ekartzen ditugu gune honetara. Artisauak pozik etortzen dira».

Antolatzaileek bi azoka elkartuko dituzte: txokolate, gozoki eta artisau azoka, batetik, eta Limusin Arrazako Abelgorri azoka, bestetik. Azken horrek bat egingo du bi urtean behin antolatzen duten Euskadiko Limusin Txapelketarekin.

Eskualdean badira abeltzainak, baina inork ez du limusin arrazako abelgorririk, Amarikak azaldu duenez. «Zamudion lehen bazegoen limusin arraza lantzen zuen abeltzain bat; orain, herriko nekazariek erakusketa egiten dute, baina ez dute txapelketan parte hartzen». Beraz, lehiaketatik kanpo, igandean egingo dute abere erakustaldi hori.

Txokolate, gozoki eta artisau azokak izango du protagonismoa bihar: guztira 30 txokolategile elkartuko dira herrian, eta hainbat lekutatik joango dira: besteak beste, Mendarotik eta Tolosatik (Gipuzkoa), Karrantzatik eta Larrabetzutik (Bizkaia,), baita Kantabriatik (Espainia) ere. Gehienek egun bakarra egingo dute azokan, baina bada asteburu osoan bertan egoteko asmoa duenik ere.

Igandekoa izango da egun handia, eta orduan egongo dira erabat beteta azokako 90 postuak. Orotara, 65 ekoizle egongo dira salmahaietan, eta, Amarikak azaldu duenez, egun horretan euskal ogia eta pastela erostea izaten da ohitura.

Bi karpa jarriko dituzte antolatzaileek: handian, ekoizleak egongo dira, beren produktuak saltzen, eta txikian, hiru txosna egongo dira, bisitarientzako jatekoarekin eta edatekoarekin. Amarikak dio sistema horrek ongi funtzionatu duela aurreko aldietan: «Jendea gustura egoten da; eguna pasatzera doa eguraldi ona zein txarra egon».

Artisau garagardoa

Txosnetan Zamudioko garagardoa dastatzeko aukera izango da. Bihar, azokaren egitarauaren barruan, garagardo dastatzeak egingo dituzte, 11:30ean eta 12:30ean. Tragoa edan bitartean azalpenak ere emango dizkiete garagardogileek bisitariei.

Urban Beer Zamudioko garagardogile enpresak antolatu du dastatzea, eta bertan izango da Iñigo Garcia Ortega garagardo maisua. «Azokan azalduko dugu dena, eta ikusleek galderak egitea nahi dugu, ekitaldi dinamikoa sortzeko». Ez da Garciaren lehenengo urtea Zamudioko azokan, eta pozik agertu da jendearen erantzunarekin: «Bisitariek gustuko dituzte garagardo dastatzeak, are gehiago azaltzen diezunean nola lortzen diren zaporeak eta koloreak». Garagardo maisuak esan duenez, sasoiko garagardoa egiten dute, eta, beraz, hiru hilabetean behin produktu berriak ateratzen dituzte. Horregatik dira dastatzeak bereziak urtero.

Igandean, Idiazabal gazta eta txakolin dastatzeak ere egingo dituzte, horiek ere adituen azalpenekin. Eta bestelakoak ere izango dira azokan. Esate baterako, idi probak eta herri kirolak antolatu dituzte bihar arratsalderako, kultur etxeko patioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.