Bost egongo dira adi-adi gaur

Eibar eta Osasuna izan dira Espainiako Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu diren azken euskal taldeak. Gernika, Peña Sport, Real Union eta Leioa lehiatik kanpo geratu dira

Quique Gonzalez Eibarreko aurrelaria, penaltia jaurtitzen, atzo, Urbietan. Eibartarrek Gernikari irabazi zioten, eta gol hori izan zen neurketako aurrenekoa. SD EIBAR.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gaur 12:00etan zozkatuko dute Espainiako Kopako bigarren kanporaketa, eta Euskal Herriko bost talde egongo dira adi-adi. Lehen kanporaketa gainditu duten bost euskal taldeak dira: Alaves, Amorebieta, Reala, Eibar eta Osasuna. Mailarik gorenetan ari direnak dira ere bai. Ez dute izan zoritxarreko ezusterik.

Alaves, Amorebieta eta Reala herenegun sailkatu ziren, hurrenez hurren, Unami, Europa eta Panaderia Pulido kanporatuta. Eibarrek eta Osasunak, berriz, atzo egin zuten lehen urratsa. Gipuzkoarrek Gernika utzi zuten bidean, Urbietan 1-2 irabazita. Quiquek eta Blanco Leschukek sartu zituzten bisitarien golak, 36. eta 62. minutuetan, eta Aranak etxekoena, 71.ean. Nafarrek, ordea, estutasun gutxiago izan zituzten: 0-4 nagusitu ziren San Agustin del Guadalixen zelaian. Barberok, Torresek, Ontiverosek eta Chimy Avilak sartu zituzten golak, guztiak bigarren zatian.

Peña Sport, Real Union eta Leioa, ordea, Kopatik kanpo geratu ziren. Bizkaitarrek eta nafarrek aurkari indartsuak zituzten: Elx Lehen Mailakoa eta Malaga Bigarren Mailakoa, hurrenez hurren. Etxean jokatu zuten bi euskal taldeek, baina ezin izan zuten ezustekoa eman, eta galdu egin zuten: Leioak 0-2, eta Peña Sportek, 0-3. Real Unionek, berriz, koska bat beherago dagoen aurkaria zuen: Cristo Atletico. Baina Palentziako (Espainia) taldeak 2-0 hartu zuen mendean Irungoa (Gipuzkoa).

Lehen Mailako taldeak izanik, Alavesek, Realak eta Osasunak haiek baino koska batzuk beherago dauden taldeen aurka jokatuko dute bigarren kanporaketa. Amorebietari eta Eibarri, ordea, maila berean edo koska bat beherago dagoen kontrarioren bat egokitu dakieke. Athleticek, berriz, jokatu gabe segituko du. Hurrengo kanporaketan ekingo dio Kopari, final-hamaseirenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.