Joko gehiago mahai bueltan

Mahai jokoen eskaintza eta jokalari kopurua handitu egin dira azken boladan. Jokatzeko gero eta errazagoak, azkarragoak eta ulertzeko ere errazagoak izateak eragin du mahai jokoen zabalpen hori. Azken urteetan, mahaian eseri eta jokoetan aritzeko elkarteak ere sortu dira.
Donostiako Juguemos mahai jokoen taldeko kideak elkarte gastronomiko batean batu ohi dira jolastu ahal izateko.
Donostiako Juguemos mahai jokoen taldeko kideak elkarte gastronomiko batean batu ohi dira jolastu ahal izateko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 11
Dadoa bota, hark erakusten duen zenbakiak adina lauki aurreratu fitxa, eta jokatzen jarraitu, jokoak ematen dituen arauen arabera. Askotan errepikatzen da irudi hori, eta Euskal Herriko zenbait etxetan are gehiagotan ikusi ahal izan da azken aste hauetan. Gabonetako ospakizunen harira, arrunta eta ohikoa izaten da, otorduen osteko solasaldiak amaitu ondoren, mahai jokoren bat atera eta familia giroan jokatzea. Aukera hori are erakargarriagoa izan da kalean egin duen eguraldiari begiratuz gero. Baina familia edo lagun giroan jokatutako partidez gain, bestelako lokaletan ere mahai jokoak atera eta horietan aritu dira Gabonetan. Baina datozen asteetan ere berdin jarraituko dute; izan ere, gero eta elkarte gehiago daude Euskal Herrian mahai jokoetan aritzeko. Hori da Bilboko Abaco eta Donostiako Juguemos elkarteen kasua. Urte osoan geratzen dira, gogoko dituzten jokoetan aritzeko.

Denbora-pasa izateaz gainera, askorentzako afizio ere badira mahai jokoak. Hala azaldu du Julen Fernandez Gaunak, Juguemos elkarteko presidenteak: «Hiru lagunen artean sortu genuen elkartea, ikusten baikenuen beste inorekin ezin ginela mahai jokoetan ibili, gu hiruroz gain». Afiziotzat dauka jende askok denbora-pasatzat daukana, baina beste askok dute afizio hori. Izan ere, gaur egun 35 lagun inguruk osatzen dute haien mahai joko elkartea, eta, Donostian dauden beste bi elkartetakoak kontatuz gero, 100 pertsona inguru ere badira. «Horiek denak elkartu eta lokal propioa edukitzea da gure helburua, baina gaur-gaurkoz zaila da hori». Hala ere, datuak garbi erakusten du Donostian uste baino zabalduago dagoela mahai jokoen zaletasuna. «Horiek ezagutzen ditugu, baina kuadrilla asko daude beren kasa geratzen direnak».

Ezer baino lehen, Fernandez Gaunak argi utzi nahi izan du oso joko desberdinetan aritzen direla. «Estrategia jokoak eta rolekoak ere hor daude, baina baita bestelakoak ere». Are gehiago, rol jokoetan ibiltzen dira gutxien, Donostiako elkarte gastronomiko batean elkartzen direnean. Kudeaketa jokoetan, lehiakoetan edo kolaboratiboetan aritzen dira batez ere. «Askok mahai jokoak haurrekin eta frikiekin lotzen dituzte, baina inondik ere ez; oso askotarikoa da hemen ibiltzen den jendea, eta baita jokoak ere».

Ideia hori bere egin du Jokin Garcia Bilboko Abaco mahai jokoen elkarteko kideak ere. «Apurka estigma hori gainetik kentzen ari gara, eta askok ikusten dute ez dela frikien kontua bakarrik». Bilbon lokala du Abaco elkarteak, eta, bertan, lagun taldeez gain, familiak ere elkartzen direla azaldu du. Duela lau urte sortu zuten elkartea 13 kidek, eta egun 60tik gora dituzte. Hemen ere zaletasuna zabaltzen ari den seinale da urte gutxian izen duten gorakada hori.

Joko erakargarriagoak

Donostiako Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegian lan egiten du Ibai Aizpurua mahai jokoetako adituak, eta hor ere sumatzen du hazkunde hori: «Jende gehiago aritzen da halako jokoetan». Eta jokalarien hazkundeak berekin ekarri du jokoen aniztasuna eta ugaritasuna ere. Edo alderantziz. Baina kontua da mahai jokoak aldatu egin direla azken boladan. «Urtetik urtera, joko finagoak ateratzen dira; garatuagoak dira, baina jokatzeko esperientzia ez da batere konplexua». Hau da, mahai jokoak askotarikoagoak dira, eta jokatzeko esperientzia azkarra eta ulerterraza da: «Duela hainbat urte, mahai joko batzuetako arauak ulertzea oso konplikatua zen, eta, gaur egun, joko gehienak bost minutuan azaltzeko modukoak dira».

Ulertzeko errazagoak izateaz gainera, joko askoren iraupenak ere behera egin duela azaldu du Aizpuruak. Arratsalde oso bat iraun dezakeen mahai joko gutxi daude gaur egun, eta, haien partez, 40 minutu inguru irauten dutenak areagotzen ari dira. «Horrek guztiak asko erraztu du mahai jokoak zabaltzea, eta esan daiteke horregatik ari direla hainbeste zabaltzen; halako jokoak gero eta errazagoak, dibertigarriagoak eta jolasteko motzagoak dira».

Aizpuruak egungo jokoak eta iraganeko klasikoak —antzararen jokoa, adibidez— alderatu ditu. «Esan daiteke objektiboki mahai joko nahiko txarra dela, dadoa bota eta hark erabakitzen duelako zure patua; jokalariak hartzen duen erabakiak ez dauka inolako pisurik jokoan». Eta, horren aldean, gaur egungo mahai jokoak aldatzen ari dira: jokalariak zenbat eta erabaki gehiago hartu, orduan eta hobea da jokoa, eta gehiago motibatzen du erabiltzailea. Hain zuzen, ildo horretatik jotzen dute egungo mahai jokoek gero eta gehiago, eta horrek ere azken urteetan izan duten gorakadarekin zerikusia izan dezakeelakoan dago Ubikeko kidea.

Taldean gero eta gehiago

Arrakastaren gakoa zein izan daitekeen azaldu du Aizpuruak, baina, mahai jokoen atzean, jokatzeko modu soziala ere azpimarragarria iruditzen zaio. Hau da, bideo jokoetan taldeka aritzeko aukera egon badago, baina «aurrez aurreko esperientziarekin ez dauka zerikusirik». Gainera, gaur egungo gizarte pantailaz inguratuan, atseden hartzeko aukera ere ematen dute mahai jokoek, haren ustez. Hala eta guztiz ere, joko kolaboratibo asko azaltzen ari dira gaur egun; hau da, jokalari guztiak jokoaren aurka aritzen direnekoak. Eta horiek zabaltzea ere interesgarria dela uste du: «Horrek aldatu egin ditu jokalarien bereizgarriak ere».

Mahai jokoen elkarteetan ere sumatu dute aldaketa hori, eta Garciak dio askok horien aldeko apustua egiten dutela. «Azken finean, jokatzeko beste modu bat da». Bideo jokoek eskaintzen ez duen zerbait ematen du gisa horretako jokoak: gertutasuna. Bideo jokoen aurkako mezurik eman gabe, mahai jokoen onurak azpimarratu nahi izan ditu horrela, eta susmoa dauka hori guztia egon daitekeela haien zabalpenaren atzean. «Elementu sozial hori izan daiteke egungo mahai jokoen bereizgarria, eta, gaur-gaurkoz, gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zait hori». Joko gehiago eta jokalari gehiago dituen modalitate bat da mahai jokoena. Eta, itxura denez, horrela jarraituko du oraingoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna