Munduko dibortziaturik gazteena

'Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua' euskaratu du Carmen Gisasolak. Delphine Minoui kazetariak idatzi zuen neskato yemendarraren istorioa
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko urriak 12
Zazpi segundotik behin, 15 urtetik beherako neskato bat ezkonarazten dute munduan, Save the Children erakundearen arabera. Zazpi segundotik behin bat. 10 urte baino ez zituela ezkonarazi zuten Nojud Ali, bera baino hiru aldiz zaharragoa zen gizon batekin. Yemengo bera bezalako beste neskato askoren etorkizun bera inposatu nahi izan zioten, baina bere patua iraultzeko hautua egin zuen. Bi hilabetez bortxaketak eta jipoiak jasan ondoren, ihes egin, auzitegi batean sartu, eta senarrarengandik banandu nahi zuela adierazi zuen. Munduko dibortziaturik gazteena bilakatu zen handik gutxira, baita haurren behartutako ezkontzen aurkako borrokaren sinbolo ere. Delphine Minoui kazetariak lagundu zion Aliri bere istorioa kontatzen, eta Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua liburuan jaso zuen. Orain, lana euskarara ekarri du Carmen Gisasolak, eta Erein argitaletxeak plazaratu du.

Langraizko kartzelan zela itzuli zuen lana Gisasolak. Marokoar jatorriko neska frantses batek oparitu zion liburua. Ez zuen ezagutzen, eta munduan zehar emakumeek bizi duten egoera sakonago ezagutzeko nahiak eta frantsesa lantzeko gogoak eraman zuten liburua euskarara itzultzera, atzo liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez. Frantzian zenbait urtez bizi izan zela eta balio laikoek gizartean zer-nolako eragina zuten ezagutzeko aukera izan zuela ere aipatu zuen. «Laikotasunak eragin handia du erlijio balio hertsi eta atzerakoiei aurre egiteko orduan». Erlijioek beti balio atzerakoiak inposatzeko joera izan dutela uste du. «Hemen ere, Elizarekin mendetan bizi izan dugu hori. Beraz, honekin esan nahi dut ezkontza goiztiarrak eta ezkontza barruko indarkeria ez direla soilik Islamaren ondare, baizik eta beste erlijio batzuena ere bai».

Nojud Aliri dagokionez, itzultzaileak azaldu zuen aitak behartu zuela ezkontzera eta eskola uztera, senarrak gauero eraso egiten ziola, eta behin banantzea lortuta «munduko dibortziaturik gazteena» bihurtu zela. «Yemenen, erlijioa faktore bat besterik ez da aitek alabak pubertaro aurretik ezkontzeko», Gisasolaren hitzetan. Besteak beste, txirotasuna, hezkuntzarik eza eta familiaren ohorea aipatu zituen gakoen artean. Hain zuzen, Yemenen emakumeen %70 analfabetoak direla eta neskatoek hezkuntzarik ez jasotzeko arrazoi nagusia ezkontza goiztiarrak direla ohartarazi zuen. «Yemenen, emakumea gizonen jabegoa da, behi bat edo zaldi bat izan daitekeen bezala. Erlijioak eta tradizioak pisu handiagoa dute emakumearen askatasunak baino». Horri aurre egitea oso zaila dela azpimarratu zuen, eta horregatik «Nojuden kuraia meritu handikoa» dela iritzi zion, «baina eskandalagarria jende tradizionalarentzat, zigortu beharrekoa».

Horiek horrela, neskaren kemena nabarmendu zuen Gisasolak. «Nojudek tabu bat apurtzea lortu zuen; ohitura ultratradizionalak hankaz gora bota zituen». Haren kasuaren ondotik, beste bi neskato, 9 eta 12 urtekoak, ausartu ziren auzitara jo eta dibortzioa eskatzera, eta nazioartean ere oihartzuna izan zuen arazoak. 2009an, ezkontzeko adina 17 urtetan ezarri zuen Yemengo Legebiltzarrak. Urte berean, baina, pasaportea kendu zioten neskatoari, nazioartean kasuak sortutako zeresanagatik, eta, Urteko Emakumearen saria eman bazioten ere, ezin izan zen hura jasotzera joan. Halaber, Nojud Alik 2010ean jakinarazi zuen aitak etxetik bota egin zuela, ahizpa txikia ezkonarazi zuela eta liburuagatik lortutako diru guztia xahutu zuela.

Nobela gisa idatzitakoa

«Humanitatez betetako liburu bat da, errealitate ilun eta injustu bat erakusten diguna, eta gogorragoa egiten zaiguna biktima ume bat delako», Inazio Mujika editorearen hitzetan. Nojud Alirena «arazo intimo bat» ere baden arren, oraindik ere mundu zabalean milaka eta milaka neskatok jasaten duten errealitate latz bat dela ekarri zuen gogora.

Editorearen iritziz, «nobela baten moduan» irakur daiteke liburua. Neska auzitegian sartzen den unean hasten da kontakizuna; hortik atzera egiten du, lehenago zer gertatu zitzaion agertzeko, eta, istorioak aurrera egin ahala, auzitegian gertatutakoa kontatzen da. Mujikaren ustez, lanaren beste alderdi interesgarrietako bat da Aliren istorioa ez ezik haren familiako kideena ere kontatzen duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna