Euroliga bertan behera utzi dute

Taldeen artean aldeak egon daitezke bidaiatu eta entrenatzeko. LEB ligan ez da igoera faserik izango, eta ACB ligara bidean da GBC

Matt Janning barneraketa bat egiten, Alba Berlinen aurkako Euroligako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu diren kirol txapelketen eta proben zerrenda luzatuz doa. Atzo, beste izen bat gehitu zitzaion; ez nolanahikoa, gainera: Euroliga. Europan jokatzen den saskibaloi txapelketa nagusia kudeatzeaz arduratzen diren klubak azken ordura arte ahalegindu dira jokatzeko aukerari eusten. Baina ezinezkoa dela ikusi dute. Aurreratu zuten datorren sasoiko Euroliga urriaren 1ean hasiko dela, osasun baldintzek modua ematen badute.

Atzo egin zuten bozketa Euroligako zuzendaritza osatzen duten 11 klubek —tartean dago Kirolbet Baskonia—, eta, Jordi Bertomeu kontseilari ordezkariak egindako proposamenari jarraituz, denboraldi honetako txapelketa ez amaitzea onartu zuten. Ondoren egindako agerraldian, horretarako arrazoiak xehatu zituen Bertomeuk.

Bi dira nagusiak. Batetik, herrialde bakoitzean desberdina izaten ari da COVID-19aren bilakaera. «Hori dela eta, ez dira berdinak talde guztiek entrenatzeko eta partidak prestatzeko dituzten baldintzak». Euroligako buruak argi du lehiatzen hasi aurretik taldeek gutxienez hiru aste beharko lituzketela entrenatzeko. «Hortik behera, handitu egingo litzateke jokalariek min hartzeko duten arriskua».

Bestetik, hainbat herrialdek mugak itxi dituzte koronabirusaren krisiaren ondorioz, eta bidaiatzeko murrizketak ezarri dituzte. «Hori dela eta, ezin genuen ziurtatu talde guztiak txapelketa jokatzea aurreikusten genuen lekura bidaiatzeko moduan izango zirenik».

Berez, Lauko Finala Colonian (Alemania) jokatzekoa zen, iragan ostiraletik igandera arte. Behin txapelketa etenda, Atenas, Belgrad eta Kaunas aipatu ziren aukeren artean, eta Zortziko Final bat jokatzea nahi zuen Euroligak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu txapelketa hartzeko prest egon diren hiriburuei».

Duela 20 urtetik jokatzen da Euroliga, eta Bertomeuk aitortu zuen inoiz hartu duten erabakirik gogorrena izan dela. «Gure asmoa, hasieratik, Euroliga amaitzea izan da. Baina osasuna lehenetsi dugu». Baskoniako kirol zuzendari Felix Fernandezen arabera, «etorkizunari eta orainari begira», erabakirik onena da. «Pena da, baina bat eginda hartu dugu erabakia, eta hori da inportanteena».

Aurreko astean egindako agerraldian, Dusko Ivanovicek jada iragarri zuen zail ikusten zuela Euroliga itzultzea, eta indar guztiak ACB ligan jarriko dituztela. Gaur argitu daiteke horren inguruko erabakia. Hau da, jokatuko den; eta, hala bada, non. Printzipioz asmoa da seiko bi multzotan banatutako hamabi talderen artean jokatzea titulua. Multzo bereko taldeek elkarren aurka jokatuko dute, eta bakoitzeko bi onenek finalerdiak jokatuko dituzte. Kanporaketa horretako irabazleak arituko lirateke nor baino nor gehiago. Jokatuz gero, multzo berean ariko dira Retabet Bilbo Basket eta Baskonia, Bartzelonarekin, Iberostar Teneriferekin, Unicajarekin eta Joventutekin batera.

ACB, gertuago

Hain zuzen ere, datorren denboraldian ACB ligan egon nahi du Delteco Gipuzkoa Basketek. Atzo, horretarako lehen urratsa egin zuen. Izan ere, Espainiako Federazioak amaitutzat eman zuen Urrezko LEB liga, eta erabaki zuen ez dela igoera faserik jokatuko. Horrenbestez, onartu zuen liga eten zenean lehen bi postuetan zeuden bi taldeak, Carramimbre Valladolid eta Gipuzkoa Basket, izatea igoko direnak. Baina, liga pribatua izanik, ACBk du orain horri buruzko azken erabakia, eta, jaitsierarik egongo ez denez, hainbat klub igoerak egotearen aurka daude. Ez dute nahi datorren sasoiko liga hemezortzi taldez osatuta egotea, egutegia oso estu dagoela argudiatuz. Batez ere Euroligan jokatzen duten taldeek defendatu dute hori. Hala adierazi zuen duela egun batzuk Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak. «Ekonomikoki eta datari dagokionez ez dago hogei taldeko liga bat jokatzeko aukerarik». ACBk aste batzuk barru hartuko du behin betiko erabakia, eta litekeena da auzia epaitegietan amaitzea azkenean.

Bestalde, IDK Euskotrenek bere lehen fitxaketaren berri eman du: Meyia Tirera Valentziako pibot ohia. 8,7 puntu sartu zituen batez beste aurreko sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.