Italiako Giroa

Batek hautsi, eta besteak hala-hola eutsi

Yatesek indarra eta kemena uztartuz irabazi du Giroko 19. etapa. 34 segundo atera dizkio Bernali, hainbestean defendatu baitu lidergoa

Simon Yates garaipena ospatzen, atzo, Giroko hemeretzigarren etapan. LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Italiako Giroko txirrindularirik indartsuena da oraintxe Simon Yates (BikeExchange). Hala berretsi zuen atzo, mendiko azken-aurreko etapan. Bere-berea duen gisan gailendu zen, Alpe di Meran eraso ausarta jota. Gibelean utzi zuen berriro Egan Bernal (Ineos), lasterketako liderra. Kolonbiarrak hainbestean gainditu zuen azterketa: ahulezia zantzuak erakutsi zituen atzera ere, baina indar gabezia lasterketaren irakurketa aproposarekin orekatu zuen. Ez zen aurkarien erasoekin itsutu, eta taldearen abaroan egin zuen azken igoeraren zatirik handiena. Azkenean, 34 segundo galdu zituen Yatesekin, gainsariak tarteko. Hirugarren izan zen helmugan, Joao Almeidaren (Deceuninck) atzetik azken metroetan gurpiletik atera zuen.

Gaurko etapan hondoratu ezean, esku-eskura dauka Giroa Bernalek. Hori bai, azkenera arte estutu nahi du Yatesek. Jota utzi zuen Sega di Alan, eta, atzo ere, liderra jokoz kanpo harrapatzen saiatu zen. Bernalen arrapostua, ordea, asteazkenekoa baino hobea izan zen, eta Yatesekiko 2.49ko errenta defendatuko du gaur. Ingelesak urrun du lidergoa, baina hurbil bigarren postua: 20 segundora gerturatu zitzaion atzo Damiano Carusori (Bahrain). 2.29ra dago italiarra.

Borrokatua izan zen, berriz ere, ihesaldia osatzeko lehia. Sei txirrindularik lortu zuten tropeletik ospa egitea: Larry Warbassek (AG2R), Giovanni Aleottik (Bora), Mark Christianek (Eolo), Quinten Hermansek eta Andrea Pasqualonek (Wanty) eta Nicola Venchiaruttik (Androni). Alpe di Merako helmugan balentria egiteko itxaropenez egin zuten eraso, ordura arte arrakasta izan zuten hamar ihesaldiak gogoan.

Abenturazaleentzako Giroa izaten ari da, baina atzo tropela ez zegoen ezer oparitzeko. Bike Exchange berehala jarri zen lanean, ihesaldiak lau minutuko aldea baino ez zuela. Yatesekin etapa irabazi, eta lasterketa hankaz gora jartzeko asmoa zuten. Deceuninck ere festa gogoz zegoen, eta soka tenkatu zuen Alpe Agognako, eguneko lehen mendateko jaitsieran laugarren mailakoa. Erdibitu egin zen tropela, eta moztuta gelditu Daniel Felipe Martinez (Ineos). Susto txiki bat baino ez zen izan: Filippo Gannaren laguntzaz itzuli zen multzo nagusira.

Passo della Colma zen hurrengo igoera, hirugarren mailakoa. Abaila batean pasatu zuen tropelak, besteak beste, Mikel Nieveren (BikeExchange) gidaritzapean. Gainean, minutu eskaseko errenta gelditzen zitzaion ihesaldiari. Venchiarutti jada ez zen buruan ageri. Bada, Alpe di Meraren hasieran egin zuen lasterketa buruko boskotearenak. Patuari izkin egiten saiatu zen Christian, bakarkako ahalegin batekin, baina 7,5 kilometroren faltan irentsi zuen oilarren multzoak.

Bernalen zuhurtzia

Deceuninckek oso erritmo gogorra jarri zuen lehen aldapetan, eta berehala piztu zuen sua Almeidak. Taldekideen gerizpean gelditu zen Bernal; baita Yatesek eraso egin zuenean ere, 6,5 kilometroren faltan, gurpilean Caruso eta Aleksandr Vlasov (Astana) zituela. Geroago, beste erritmo aldaketa bat egin zuen Yatesek, eta orduan bai, bakarrik abiatu zen. Gainontzeko aurkariak harrapatuz joan zen Bernal, Dani Martinezen laguntzaz. Apustua bikain ari zitzaion ateratzen. Yates, baina, katerik gabe zihoan. Liderrak haren bila jo zuen azken 2,5 kilometroetan, eta, 15 segundora hurbildu zitzaion arren, amore eman behar izan zuen azkenean.

Azken etapa menditsua izango da gaurkoa. 164 kilometroko ibilbidea du, eta lehen mailako hiru igoera kateatuko dituzte bukaeran: San Bernardino, Passo della Spluga eta Alpe Motta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.