Bertako artearen erakusleihoa

Sortzaile asko beren lana erakusten ari dira hiru egunez Iruñean egiten ari diren 948 Merkatuan

Hiru egunez egiten ari dira Nafarroako arteen azoka, Iruñean. Goizez, Baluarte da egoitza nagusia IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Bertako arte produktua inguruko lurraldeei erakustea». Hori da Nafarroako artearen azokaren bigarren aldian lortu nahi dutena, Josu Puerta arduradunak argi utzi duen moduan: erakutsi, partekatu, saldu. Horretarako, eztabaidak, hitzaldiak, erakustaldiak eta ikuskizunak antolatu dituzte, hiru egunez. Iaz egin zuten aurrenekoz 948 Merkatua, eta, Nafarroako Gobernuak «estrategikotzat» jo zuen. Aurten berriro antolatu dute, eta luzatu egin dute, egun bat gehiago izango du. Atzo hasi zen, eta bihar amaituko da.

Goizez, Baluarte auditoriuma da azokaren nukleoa. Han, atzo, hainbat sortzailek eta enpresak aretoko solairu nagusia baliatu zuten euren proiektuak erakusteko, Merkatua PRO izeneko topaketan. Antzerki taldeak, magoak, sormen faktoriak, musika jaialdien antolatzaileak eta beste hainbat sortzaile euren lana azaltzen aritu ziren kontratatzaile, kazetari eta bisitariekin. Azpiko solairuan, berriz, tailerrak eta hitzaldiak eskaini zituzten.

Iazko lehenbiziko egunean baino jende gutxiago joan zen atzo Baluartera, iaz jakin-minak erakarri baitzuen jende asko, Puertaren ustez. «Horregatik, hain zuzen, erabaki dugu azokak beste egun bat izatea, iaz jende gehiegi pilatu zelako», azaldu du. Halere, aurten akreditazio gehiago egon direla azpimarratu du; zehazki, 1.112. Egitaraua prestatzeko, Nafarroako artearen argazkia erakusten saiatu direla gaineratu du: «Aniztasuna lortu nahi izan dugu».

Proiektu berrietan lanean ari diren sortzaileek ez dute galdu nahi izan 948 Merkatuak eskaintzen duen bozgorailua: Aesze.na antzerkiko profesionalen elkarteko kideak dira horren adibide. Hainbat aktorek eta konpainiak sortu berri dute taldea, sektorearen bertako ehunari ikusgarritasuna eta balioa emateko helburuarekin, eta, Leire Ruiz kideak esan duenez, argi dute halako azokek laguntzen dutela helburu hori lortzen. Harekin bat dator Luis Arrieta La Tierra lankidetza espazioko kidea. Enpresa txikiak dituzten hainbat arloko beste 29 profesionalekin batera sortu du talde hori, elkarlanaren bitartez lan aukera berriak sortzeko. Egunotan Baluarteko erakusmahai batean egongo da, eta ostiralean, «elkarlanaren boterearen» inguruko mintzaldi bat emango du.

Aurten, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko herrialdeak dira azokako gonbidatu nagusiak, eta, elkarlanari esker, eskualde horretako hainbat sortzaileri txoko bat egin diete eskuan dituzten proiektuak erakusteko. Horien artean daude Irungo (Gipuzkoa) Bitamine sormen faktoriako kideak. Lehen aldia dute 948 Merkatuan, eta uste dute jasotako aukera «oso positiboa» dela: «Laguntzarik gabe ezingo genuke erakusmahai bat gure gain hartu, eta baliagarria da harremanak sendotzeko beste kultur eragileekin». Programazio artistikoan ere tokia egin diete eskualde horretako artistei: atzo, kasurako, Caronni ahizpen Utzi antzezlana eman zuten.

Goizeko jarduera guztiak Baluarten biltzen diren arren, arratsaldean hainbat tokitan banatuta daude: Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentral eta Indara aretoetan, Ziudadelan, Nafarroako Filmategian eta Joaquin Maia musika eskolan, besteak beste. Horregatik, akreditazioa duten profesionalek aukeratu behar izaten dute.

Atzo, arratsaldeko ekitaldirik garrantzitsuena Raul de la Fuente eta Damian Nenowren Another Day of Life filmaren proiekzioa izan zen. Horretaz gain, Elena Setienen, Liherren eta La Mala Pekoraren kontzertuak, Inextremis Teatroren La prueba antzezlana eta Helena Bengoetxearen Bizitza birsortzen dokumentala eskaini zituzten, besteak beste. Aurtengo berritasunei dagokienez, Angel Macias programazio artistikoko arduradunak nabarmendu ditu Condestable musika zikloa eta arte plastikoetako proiektuen aurkezpenerako tartea.

Aplikazio bat azokarako

Erakusleiho handi bat izateaz gain, 948 Merkatuak sektoreko langileen arteko topaketa eta elkarlana bultzatzeko tokia ere izan nahi du. Horretarako, networking espazio bat jarri dute Baluarten. Atzo, gune horretan, dozena bat lagun aritu ziren eztabaidatzen eta ideiak partekatzen. Gainera, teknologia berriek ematen dituzten aukerak ere probestu dituzte: sakelako aplikazio bat sortu dute azokarako, eta, horretan, hainbat txat sortu dituzte. Hala, zerbait zehatza bilatzen ari direnak txat bidez jar daitezke kontaktuan besteekin. Beste datu batzuk ere ikus daitezke aplikazioan: artisten inguruko informazioa, kokapenak, ordutegiak...

Sorkuntzaren topaketarako gunea bilakatuko da gaur ere Baluarte. Arratsaldean, besteak beste, Anita Parkerrek eta Balerdi Balerdik Indara antzokian joko dute; Belatzak Joaquin Maia musika eskolan, eta Hutsun Txalaparta taldeak Zentral aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.