Eraikinek sortutako itzalak

Arkitekturari eta arteari buruzko 'Architecture Effects' erakusketa ireki du Guggenheim museoak
Irudian, Maio Architects plataformak sortutako <em>5 metroko zutabe flotatzaileak</em> izeneko artelana.
Irudian, Maio Architects plataformak sortutako 5 metroko zutabe flotatzaileak izeneko artelana. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 5
Bi hitz: arkitektura eta eraikuntza. «Elkarri lotuta agertzen zaizkigu beti. Arkitektura hitza esatearekin batera, eraikin bat etortzen zaizu berehala burura». Zergatira jo du Troy Conrad New Yorkeko Guggenheim museoaren arkitektura arduradunak. «Esango nuke arkitekturaz ari garenean efektu hitzarekin lotzen dela eraikuntza. Zerbait gehiago gehitzen duela beti, berritzailea dena». Bilboko Guggenheim museoaren adibidea jarri du, efektu abizenarekin azaltzen baita gaur egun. «Arkitektoen psikean iltzatuta geratu da Guggenheim museoak efektu bat sortu zuela; eta horrek esan nahi du efektu hitzaren atzean berrikuntza edo esangura berri bat dagoela». Teknologiaren, artearen eta arkitekturaren uztarketan, «mugarria» izan zen Bilboko museoa. «Estreinakoz erabili zen teknologia halako eraikin bat egiteko. Esan nahi dut, ordenagailuen menpe egon zen eraikuntza osoa». Hain zuzen, efektu horietan jarri dute fokua Architecture Effects erakusketan. Gaur irekiko dute, eta 2019ko apirilaren 28ra bitarte izango da ikusgai. «Efektuak historiaren bilakaera aztertzeko bide bat ere badira».

Artea eta eraikuntza, biak biltzen ditu erakusketak, eta komisario bi elkartu dituzte horregatik: Conrad, New Yorkeko Guggenheim museoaren arkitektura eta egitasmo digitalen arte arduraduna, batetik; eta Manuel Cirauqui, Bilboko Guggenheim museoko arte arduraduna, bestetik. «Artearen eta arkitekturaren arteko elkarrizketa bat proposatu dugu; hain urrun eta, era berean, hain gertu dauden bi eremuen arteko hartu-emana», azaldu du Cirauquik. Bilboko Guggenheim museoaren 20. urtemuga ospatzeko pentsatutako egitasmoa zen Architecture Effects, baina, egin ahala, handitu egin zuten proiektua, eta bestelako emaitza bat ekarri dute oraingoan. «Eraikin zehatz batek eragin ditzakeen ondorioen katea da, zehazki, aztertu nahi duguna: artean edo akitekturan sortzen diren jarrera berrien ekosistema».

Bi eremutan banatu dute erakusketa. Airlock izena jarri diote lehen eremuari, eta Conradek azaldu du denboran atzera egiteko makina baten itxura eman nahi izan diotela. «Ikusleak 2018. urtetik 1997ra eramatea da gure asmoa». 1997an inauguratu zen Bilboko Guggenheim museoa, eta, museoa ireki zen garaiko testuinguru kultural, teknologiko eta politikoa irudikatzeko, hainbat elementu itsatsi dituzte sabaian. «Planetario baten itxura hartzen du».

Dolly ardiaren klonazioa, Gary Kasparavov xake jokalaria ordenagailu batek garaitu zueneko kartela, Google domeinuaren helbidea eta Tamagotchi izenarekin ezagun egin zen jostailu elektronikoa daude, besteak beste, horman. «Munduan, 73 milioik izan zuten tamagochi bat etxean. Gaur egun ere antzera gabiltza: Tamagotchi gailuan dagoen animaliatxo hori ez, baina sare sozialak elikatu behar ditugu une oro, gure ego gizatiarra hil ez dadin».

Frank O. Gehry arkitektoak Bilboko Guggenheim museoa eraikitzeko egindako proiektuak eta bildu zuen dokumentazioa ere jarri dituzte ikusgai. Sarrera bat da lehen espazioa. «Hurrengo aretoan ikusiko duenerako prestatu nahi genuen bisitaria».

Arkitektura eta artea

Airlock eremutik, Lorategia izena jarri dioten eremura egiten du ikusleak jauzi. Hamar arkitekto gazteren lanak jarri dituzte bertan ikusgai. Frida Escobedoren Bestea lanak, adibidez, Mexiko Hiriko eraikin zahar baten kristalezko fatxada originala jarri du ikusgai. Hiri ekologiaren hausnarketa egin nahi du Escobedok bere lanarekin. Ondoan du Seinalerik gabeko denda obra, New Yorkeko MOS enpresak sortutakoa. Indiarren tipien antza du azpiegiturak, eta artelana «gune espirituala» dela argitu dute komisarioek. Zergatia ere azaldu dute: eraikuntza estaltzen duen ohiala metalez eginda dago, eta barrura sartzen den oro gailu elektronikoen seinaleetatik isolatzen du.

5 metroko zutabe flotatzaileak izeneko obra da erakusketan dagoen handiena. Izenak berak azaltzen duen gisan, bost metroko luzera duten zutabeak eskegi dituzte aretoan. Bartzelonako Maio Architects plataformak ondu du, eta 1990eko hamarkadan Turkian aurkitutako Gobekli Tepe izeneko aztarnategia du lanak ardatz. Bilbon Guggenheim museoa eraikitzen ari ziren bitartean aurkitu zuten Turkiako herrixka, eta duela 13.000 urteko monolitoak aurkitu zituzten bertan, grabatuz beterikoak. Arkitekturaz harago doazen elementuak zirela frogatu zuten arkeologoek, eta ideia horri tiraka egin zuten plataformako kideek bost zutabeko pieza, 2015ean.

Efektu hitzaren esangura aztertu du Conradek. «Diskurtsoak aldatzen diren une bat dago efektuen atzean, baita eragin sozioekonomiko eta kultural bat ere». Gaur egungo egoeraren azterketara jo du. «Zorrean oinarritutako gizarte honekin nekatuta dauden belaunaldiak dira oraingoak». Hartu beharreko bidea zein den ere azaldu du. «Pentsamendu magikoa garatu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna