Erdi Arorako bidaia, gaurko eztarrietatik

Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute etzi Bilbon, Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XII. aldian

Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XII. aldiaren aurkezpena, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Irakurlerik gabe ez dago libururik; ezta 25. urtemugarik ere». Otto Pette (1994) eleberriaz ari da Anjel Lertxundi idazlea. Argi dio: «Azken 25 urteetan irakurleekin batera egin du eleberriak bidea; badago halako testigu hartze bat irakurle gazteen aldetik». Bilbo Zaharra euskaltegiak hartuko du ostegunean lekuko hori: goizeko zortzietan hasi eta hamabi orduz, ahoz gora irakurriko dute Lertxundiren lana, euskaltegiak antolatutako Literatur Klasikoen XII. Irakurraldian. Orotara 400 lagun inguru elkartuko dira Bilboko Arriaga antzokian, eta egileak berak irakurriko ditu lehen lerroak. Atzo egin zuten ekitaldiaren aurkezpena.

Mende laurdena bete du Otto Pette eleberriak aurten, eta, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiaren arduradunaren hitzetan, nobela lantzeko «aitzakia» izan da urtemuga. «Axularren Gero irakurri genuen Literatur Klasikoen lehen aldian. Bukatu bezain laster erabaki genuen urtero liburua aldatu behar genuela». Besteak beste, Jose Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur Besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox eta Txomin Agirreren Kresala irakurri dituzte ordutik. «Abentura bat da aldi bakoitzean irakurriko dugun liburua aukeratzea. Irizpide ezberdinak erabili izan ditugu aukeraketa egiterakoan: kronologia, hizkera, generoa... Aurtengoa urtemuga izan da», azaldu du Alberdik. «Otto Pette lantzeko momentu egokia noiz iritsiko zain geunden, eta testuinguru egokia iruditu zaigu urtemugarena».

Alberdaniak —duela 25 urteko lehen alea kaleratu zuen argitaletxe berak— Otto Pette eleberriaren edizio gaurkotua argitaratu izana azpimarratu du euskaltegiko arduradunak. «Edizio gaurkotu hori izango da, hain zuzen, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleek eta gonbidatuek etzi boz gora irakurriko dutena».

«Prosaren poza»

25 urte atzera egin du Alberdik. «Eleberria kaleratu zen urtean, paper txiki bat jarri zioten azalean, saria irabazten duten liburuek izaten duten paperezko gerriko horietako bat. Zera zioen: biharko klasiko bat. Esaldia jarri zutenek bazekiten zer liburu klase zen Lertxundirena, eta zer ekarriko zuen etorkizunean». Alberdik bezala, Lertxundik ere eleberria argitaratu zenekora jo du. Liburua argitaratu zuenean irakurleek zituzten zailtasunak lausotu egin direla azpimarratu du idazleak, «eta horrek esan nahi du 25 urte hauetan, euskara batuak egin duen bezala, irakurleek ere egin dutela bidea. Zorionez, euskararen, idazleen eta irakurleen errealitatea ez da duela mende laurdeneko bera».

Idazleak pozez gogoratu du nobelaren sorkuntza prozesua. «Eleberria idaztean, prosaren poza sentitu nuen; festa bat. Hiztegia koloreak lortzeko tresna izan zen niretzat». Ideia garatu du segidan. «Zergatik festa? Erdi Aro lauso batera atzera egiten dut nobelan, baina ez nuen pentsatu eta imajinatu nahi orduko jendeak nola hitz egingo ote zuen, ez bainaiz hizkuntzalaria. Nik asmatu nahi nuen hizkera bat gaurko irakurleek onartuko zutena. Literatura horixe baita: konbentzio bat, zeinetan zuk proposamen bat egiten duzun, eta irakurleak hori onartzen duen edo ez».

Idazlearen hitzetan, sinesgarritasuna da gakoa. «Istorioa bera baino gehiago, garbi neukan hizkera gakoa izango zela irakurleek duela 500 urteko biztanleak hala aritzen zirela sinesteko. Ez nuen dokumentu historikoetan bilatu sinesgarritasun hori; nagusiki hizkeran zentratu nintzen». Besteak beste, prozesu horri buruz jardungo da Lertxundi asteazkenean egingo duen Hilean bizian bezala izeneko solasaldian.

Izan ere, irakurraldiaz gain, solasaldiak ere antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak ikasturtean zehar. Atzo, Pako Aristi eta Jon Alonso idazleek aletu zuten Otto Pette nobela, nork bere ikuspegitik. Gaur, aldiz, Tere Irastorza eta Garbiñe Ubeda izango dira, 19:00etan, Euskaltzaindiak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan, eta Lertxundik egingo du azken hitzaldia, bihar.

Ostegunean 8:00etan irakurriko dira Otto Pette eleberriaren lehen lerroak, eta 19:00ak bitarte 400 lagunen eztarriek kontatuko dute eleberria. Bilbo Zaharra euskaltegiko Ikasleen Egunaren barruan egiten da Klasikoen Irakurraldia, eta, Alberdik azaldu duenez, jai giroan bukatuko dute eguna, erromeriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.