Sukaldaritza berritzeko itsasargia

Digitalizazioa lantzea du helburu Donostiako Tabakalerako LABe Digital Gastronomy Lab-ek. Hilaren 22an irekiko dute jateko lehen gunea

LABe laborategia ireki zuten atzo; bisita gidatu bat egin zuten bertako espazioetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
LABe Digital Gastronomy Lab espazioa martxan da Donostiako Tabakalerako bosgarren solairuan. «LABe berrikuntzarako eta esperimentaziorako gune bat da», adierazi zuen atzo Joxe Mari Aizega BCC Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, espazioaren aurkezpenean. BCCk gidatuko du herritarrentzako, sektoreko profesionalentzako eta enpresentzako laborategia. Uztailaren 22an irekiko dute LABe-ko lehenengo gunea.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Tabakaleraren proiektu arkitektonikoa ekarri du gogora: «Prisma bat eraiki nahi zuten Tabakaleraren gainean. Haren helburua zen itsasargi urbano bat izatea: hiria argitzea, etorkizunari begira». Azaldu du ideia horrek gorputza hartu duela orain: «Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan garrantzitsua da gastronomia, eta etorkizunera begira dagoen itsasargi bat da LABe».

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak azaldu duenez, digitalizazioa izango da datorren urteetako erronka, baita gastronomian ere. «Berrikuntzaren eta teknologiaren erabilerarekin, proiektu berriak sortu nahian ari gara, dibertsifikaziora joz. Digitalizazioa gastronomiara ere ekarri nahi izan dugu».

Erronka horrekin sortu dute LABe, esperimentazioari eta zentzumenei irekitako gunea. 1.400 metro koadro ditu, eta bi solairutan dago banatuta; lehenengoan,sukaldea eta ikerketarako espazioak daude, batetik. Gastronomiarako teknologiak sortzen dituzten enpresentzat dira. «Zazpi start-up hasiko dira oraingoz, hemengoak eta atzerrikoak», adierazi du Aizegak. Gero, urtean bi deialdi egingo direla aurreratu du, eta hamar proiektu aukeratuko dituztela.

Haatik, jadanik badira zenbait erreminta LABe-ko sukaldean; esaterako, hutsean ontziratutako janaria egosteko makina bat eta 3D inprimagailu bat. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak azaldu duenez, elkarlanerako aukera emango du laborategiak: «Zubiak eraikiko ditu sortzaileen eta industriaren artean». Haren arabera, profesionalizazioa eta garapena bultzatzeko tresna izango da.

Zentzumenen jantokia

Jan-edanerako tokiak ere badira lehenengo solairuan: herritarrentzako hiru gastronomia espazio jarri dituzte. Eguneroko menua jateko aukera egongo da batean; bezeroak tabletarekin edo sakelakoekin aukeratu ahalko du menua, osagaiak eta haien kopuruak xehe-xehe aukeratuz. «15 euro ingurukoa da aukera hori», azaldu du Aizegak. Uztailaren 22an jarriko dute martxan.

Beste espazio batean eskaintza «informalagoa» izango dela azaldu du BCCkoak. Azkenik, tailer esperimentala ere egongo da. «Zentzumenen bidezko esperientzia eskainiko da», esan du Aizegak. Gela biribil bat atondu dute horretarako, hamar lagunentzako mahaiarekin —biribila hura ere—. Mahai tresnez gain, hiru pantaila daude. Udazkenean jarriko dute martxan.

Eneko Goia Donostiako alkateak euskal sukaldaritza berria izan du gogoan: «Duela 43 urte, sukaldari talde batek egonezina izan zuen. Kanpokoa hona ekarriz, berrikuntza erabiliz, erreferente bihurtu ginen». Haren iritziz, LABe-k ere bide berriak aurkitzeko eta jorratzeko egonezina islatzen du. Eta egonezin horiei forma emateko txokoekin atondu dute bigarren solairua; aurkezpenetarako auditoriumarekin, coworking gunearekin eta bilera gelekin. Hura jendez eta ideiaz bete nahi dutela esan du Aizegak:«Ekintzaileak hemen aritzea da asmoa. Hau beti beteta egotea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.