Mendi ibilbidea

Marabileta, lautadako talaia

Arabako Puertoblanco eta Luzkando mendateak lotuko ditugu ibilbide batean, Gereñu herria abiapuntutzat hartuta.

Gurdien arrastoak ikusiko ditugu Puertoblancora doan harbidean.
Gurdien arrastoak ikusiko ditugu Puertoblancora doan harbidean. JOSEAN GIL- GARCIA

Joxean Gil-Garcia -

2019ko abenduak 3

Marabiletako tontorra Luzkando eta Puertoblanco mendateen artean altxatzen da, Araban. Iruraitz-Gauna eta Arraia-Maeztu udalerriek mugatua duten naturagune pribilegiatua da. Izan ere, Iturrieta-Entziaren eremu babestuaren sartaldean eder baino ederrago zabaltzen da. Zeharkatuko ditugun bideak behialakoak dira, garai batean sarri-sarri ibiliak, besteak beste, Iturrietako goi ordoki karstikoa eta lautada bide ugariren bidez lotuta baitzeuden. Egun, ordea, ibiltarientzat altxor preziatu bilakatu dira zidor galduok, plazer handia baita basoek hartuak dituzten antzinako harbideetan barna firin-faran ibiltzea.

Marabiletako gaina

Gereñu herria abiapuntutzat hartuko dugu (Iruraitz-Gauna, Araba). Dulantzitik zein Aguraindik hurbilduko gara Iturrieta mendigunearen oinaldean dagoen herri horretara. Autoa iturri ondoan utzi, eta elizaren ezkerretik doan nekazari bideari helduko diogu bizkor. Hegoalderako urratsak egiten hasiko gara, aurrez aurre Marabileta tontorrean ageri den antena bistan dugula. Eskuin-ezker hartu gabe, beraz, zuzen jo, eta basora iritsiko gara. Ur biltegia ikusiko dugu pagadiaren atarian. Bideak bitan banatzen direnez, eskuinera egin, eta Uribarri Jauregira doan GR-25 zidorra alde batera utzita, harbidean gora hasiko gara.

Pagadia lagun, ibilian-ibilian minutu batzuk eman ostean, ezkerreko bidetik jarraituko dugu, hots, bide nagusiari men egingo diogu, aldamenean erkametzen babesa sentitzen dugula. Basotik irtendakoan, ordea, Gurtarana sakanera bideratuko gaituen basabideari muzin eginda, ezkerretik gora egiteari eutsiko diogu. Aldatsa amaitu eta pagadia aurrez aurre dugularik, eskuineko bidetik ekingo dugu. Basoa inguratu ahala, Gurtarana sakanaren gaineko ikuspegi ederrez gozatzeko parada izango dugu. Bidea estutzen delarik ere —luizi batzuk izan dira aurten — aurrera egiten jarraituko dugu, betiere magalari hobeto egokitzen zaion bidexkari begia kendu gabe. Bidea harriztatu egingo da bizkor. Gurdien arrasto zenbait ikusteko aukera izango dugu orduan. Puertoblancora iritsita, ezkerrera jo eta, belarrez eta pinuz jantzitako igarobideak lagunduta, Marabileta tontorrera helduko gara.

Luzkando mendaterantz

Antenaren ondoko langa zeharkatuta, zerbitzurako bideari jarraituko diogu, eta haraino iristen diren soroak inguratzen hasiko gara. Bideak eskuin aldera jotzen duenean, haatik, Erroeta herrira doan bidea utzi, eta ezkerretik irekitzen den zidorrari men egingo diogu. Basoan gaindi paseo gozoa egin ondoren, Sokorrikobaso izeneko muinora iritsiko gara. Gero, xendra galdu gabe, jaitsiera xumea egingo dugu. Pagadia atzean utzita, Larrintxo muinoa inguratu, eta Luzkando parajea konkistatu duten soro zabaletara helduko gara. Labore soroak ezkerretik inguratu, eta Luzkando mendatean izango gara.

Santa Elena tontorra Lukandotik minutu gutxira dagoenez, aukera ezin hobea dugu goraino igotzeko. Tontorreko gurutze txikiak gogora ekarriko digu antzina existitu zen ermita xumea. Santa Elenatik Luzkandora jaitsiko gara berriz, eta lautada aldera jaisteko ordua iritsiko zaigu. Aspaldiko bideak sigi-saga egingo du magalean barrena. Harkaiztegia eta haren harrizko txapel sonatua atzean utzi eta berehala, zehar-zehar jarraituko dugu. Zidor estua abandonatu gabe (zuhaitz batzuk erori dira azken euri jasen ondorioz) ibiliko gara, harik eta eskuinetik doan basabide zabal batekin topo egin arte. Orduan, eskuinera egin eta iparrerantz urratsak egingo ditugu. Intuspe sakana korrituta, GR-25 zidorrarekin elkartuko gara, arin-arin. Goratasuna galtzen minutu bat eman ostean, Alaitzako ur baltsara doan bide nagusia utzita, ezkerrera egingo dugu GR-25 zidor balizatuari men egite aldera.

Gora egingo dugu orduan, eta, basoaren babesa baztertu gabe, Murumendi inguruan lau bideko elkargune batera helduko gara. Eskuinera egin, eta oinaldea korritzen duen basabideari eutsiko diogu han, pagoak eta erkametzak bidaide. Hurrengo bide sardan, ezkerrera jo eta Juaniturri sakana ondoan daramagula, igoera xumeari aurre egingo diogu. Azkenik, aldatsa bukatuta, Gereñura doan nekazari bidearekin bat egingo dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna