Gogorra eta gaiztoa

Napoli, AZ Alkmaar eta HNK Rijeka izango ditu aurkari Realak Europa ligako multzoen fasean. Imanol Alguacilek «gustukoa» du multzoa

Napoliko jokalariak gola ospatzen, ligako neurketa batean. CESARE ABBATE / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Europa ligako multzoen faseko zozketak ez du egokitu zitekeen baino urrutiago bidali Reala. Alta, txuri-urdinei F multzo gogorra eta gaiztoa egokitu zaie: Napoli, AZ Alkmaar eta HNK Rijeka izango dituzte aurkari. Hain zuzen, Italiara, Herbehereetara eta Kroaziara bidaiatuko dute. Hori bai, lehen bi postuetan amaitzeko ongi asmatu beharko du Imanol Alguacilen taldeak.

Gaiztoetan gaiztoena Gennaro Gattusoren Napoli taldea izango du Realak. Aurreko sasoian, Txapeldunen ligan aritu zen, eta final-zortzirenetaraino egin zuen bidea; Bartzelonak kanporatu baitzuen. Italiako kopan, ordea, ez zuen hutsik egin, eta irabazi egin zuen. Kalitate handiko jokalariak ditu: Dries Mertens, Lorenzo Insigne, Hirving Lozano, Matteo Politano, Kalidou Koulibaly...«Multzo potoloa eta indartsua da. Gustuko dut». Hitz horiek egin zituen Alguacilek, Napoli Realaren multzoan egokitu zela jakin berritan.

AZ Alkmaar taldea, berriz, gaztez josia dago; «gure taldea bezalakoa», oriotarraren esanetan. «Baloia ondo mugitzen dute, eta Herbehereetako taldeek duten ohiko joko estiloa dute». Hain zuzen, herrialdeko ligan, bigarren amaitu zuen azken sasoian, eta egun, Ajaxen itzal nagusia da. Arne Eslot entrenatzaileak eta euren jokalariek erasoko lanari ateratzen diote zuku gehien.

HNK Rijekari dagokionez, azkenik, Kopenhage gainditu du Europa ligan egoteko. Kroaziako ligan hirugarren postuan geratu zen, eta herrialdeko kopako azken irabazlea izan da. Realeko entrenatzailearentzat «talde ezezaguna da» Kroaziakoa. «Halere, egokitu zaizkigun talde guztien aurka jokatu behar dugu».

Bidaien joan-etorriez, bestalde, ez zen kexatu Alguacil. «Partidak ez ditugu urrun izango. Ontzat eman behar dugu». Distantziak distantzia, Realaren nahia ez da aldatu: «Irabaztea izango da helburua». Lehen partida etxean jokatuko du, AZ Alkmaarren aurka; bigarren jardunaldian —urriaren 29an Napoliren San Paolo estadio mitikoari egingo dio bisita.

Getafe liderra aurkari, gaur

Realak begi zeharka Europari so egiten dion arren, ligan jarri behar du arreta. Getafe liderraren zelaian jokatuko du gaur (18:30), eta donostiarrek garaipena behar dute konfiantza berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.