Durangoko 56. Azoka. Irudienea

Hondakinen gainetik, liburuak

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Andoni Imaz.
Durango
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Nire herrian aske bizitzea ez da erraza». Hala ere dokumentalaren lehen hitzek gordetzen duten egia gordin hori bera suma daiteke filma amaitu orduko Irudieneko ikusleek izan duten zirraran. Kurdistango Kobane hiriko liburutegi baten istorioa jasotzen du dokumentalak. Sherwan Bilal Youssefek zuzendu du, eta Euskal Herrira etorritako Siriako Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko ordezkaritza batek aurkeztu du: Rawda Hasan Jazira eskualdeko Kultura ministroak, Nariman Evdike idazle eta Rojavako Idazle eta Intelektualen Batasuneko eta Literatur Kontseiluko presidenteordeak, eta Manal Mohammad Kongreya Star Rojavako emakumeen mugimenduko diplomazia batzordeko kideak.

Dokumentalarekin batera, izen bereko liburu bat ere aurkeztu dute, Durangoko Suargi gobernuz kanpoko erakundearekin batera argitaratua, BERRIAren laguntzarekin. Siria-Rojavako Ipar eta Ekialde Federazioa: Erresistentziatik berreraikuntzara du azpititulua.

Pelikularen lehen zatia sortze baten kontakizuna da, Kobaneko liburutegiaren eratzearena. Kameraren aurrean egindako elkarrizketen bidez, Kobaneko unibertsitatearen eta liburutegiaren inguruko jendeak azaltzen du hizkuntzak, kulturak eta irakaskuntzak zer garrantzia duten Kobane Estatu Islamikotik askatu ondorengo gizartean. Hizkuntza irakatsi behar dute, ikasmateriala sortu, literatura sustatu.

Gainera, etxe giroan filmatutako pasarte batzuek pasioz jasotzen dituzte herritar batzuen arteko hizketaldiak. «Sarraskiaren ondoren, liburutegia sortzea etxeak berriro altxatzea baino garrantzitsuagoa zen ia», kontatzen du liburutegiko arduradunak. «Irakasleek medikuek baino ardura handiagoa dute: mediku batek erabaki oker bat hartzen badu, gaixoa hil egingo da; irakasleak oker jokatuz gero, gizarte osoari egingo dio kalte». Gerra amaitu berritan, hizkuntza bat sustatzeko gune bat egiteko prozesua «sakratua» izan zen kasik.

Ikusleak horrela ezagutuko du Fatma izeneko emakume bat, literatura irakasle izan nahi duena, eta ikasgela batean hartutako irudien bidez jakingo du literatura kurduak bi aro dituela, islamaren aurrekoa eta ondorengoa, eta urte luzeetan ez dela izan jatorriz kurdueraz sorturiko literatura lanik. Egungo idazleek pozez ematen dute suspertzearen berri.

Filmaren bigarren zatian, heriotza da protagonista. Izan ere, 2014an Estatu Islamikoak Kobanen egindako sarraskiaren ondorioak oraindik azalera itsatsiak dituzte filmean ageri diren ekintzaileek. Kamerak jarraitu egingo die amaren argazkien koadroak horman zintzilikatzen ari direnean. «Hau martir egin baino hiru egun lehenagokoa da». Baita haren hilerrian ere. «Gure familiak 11 martir eman dizkio Kobaneko hiriari».

Dokumentala amaitzean, ordezkariak hunkituegi zeuden jendaurrean hitz egiteko. «Familia hori ezagutzen nuen, eta gehienak lagunak nituen», azaldu du Evdike idazleak ordu batzuen buruan. «Filma ikusi aurretik ere, liburutegi hori oso inportantea zen nire bizitzan». Liburutegiak Rody eta Perwin du izena. «Biak idazleak ziren, eta irakasleak ere bai. Haien ametsa ere bazen Kobanen liburutegi bat sortzea».

Durangorekin senidetuta

2016an zabaldu zuten liburutegia, eta, urte horretan bertan, Durangoko herritar talde bat Rojavara joan zen. Hurrengo urtean, Durango eta Kobane senidetu egin ziren. Orduz geroztik, Suargi elkarteak harreman estua du Kurdistango eragileekin, bereziki emakumeen mugimenduarekin.

«Lorpen militarrak ikusten ditugu beti, baina haien kulturaren alde egin duten lana ere gogoratu behar genuke», esan du Jon Landabidea Suargiko kideak.

Lanak izan dituzte ordezkari kurduak Euskal Herrira ekartzen, eta haiek aukera baliatu dute jasaten ari diren errepresioa salatzeko. «Turkiak 10.000 kurdu baino gehiago ditu espetxean, ordezkariak eta artistak. Eta ustez demokratikoak diren Europako estatuek hori egiten duten herrialdeak babesten dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.