Gastronomia

Mundu biraren zaporeen bilgune bilakatuko da Gastronomika

Elkanoren mundu birari jarraika antolatu dute aurten Gastronomika biltzarra. Berritasun gisa, Pintxoen Biltzarra egingo dute asteazkenean

Gastronomika biltzarraren aurkezpena Basque Culinary Center unibertsitatean, atzo. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Sukaldaritza tradizionalaren eta gaur-gaurkoaren agertoki zabal bilakatuko da hurrengo astean Donostiako Kursaala. Bihar hasi, eta asteazkenera arte izango da San Sebastian Gastronomikaren XXI. aldia, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu biraren bosgarren mendeurren betean. Bidaiak iraun zuen hiru urteetan eskifaia kideek topatu zituzten elikagai eta produktuak ekarriko dituzte gogora. Hala, aurtengo biltzarra lehenengo mundu bira hartan ezagutu zituzten aroma eta zaporeen elkargune izango da.

Mundu itzulia sukaldaritzaren begietatik egiteko asmoz, Getaria (Gipuzkoa) izango da abiapuntu, biltzarrean parte hartuko duen Aitor Arregiren Getariako Elkano jatetxea. Gero, Euskal Herritik Espainiara egingo dute jauzi, eta jarraian etorriko dira Brasilgo, Argentinako, Txileko, Filipinetako eta Indonesiako ordezkariak, mundu zabaleko sukaldaritza esperientzia anitz biltzeko. Nazioarteko hainbat sukaldarik ez ezik, Euskal Herriko sukaldariek ere bat egingo dute Kursaalean: Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano, Josean Alija, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martin Berasategi eta Pedro Subijanak, besteak beste.

Elkanoren eskifaiak hiru urtez egin zuen bidaia hizpide, garai hartan bisitatu zituzten hainbat herrialdetako hamabi sukaldari izango dira aurtengo nazioarteko ordezkariak. Esaterako, Brasilgo Clandestino jatetxeko Bel Coelho sukaldaria, Txileko Restaurante 99 jatetxeko Kurt Schmidt, Marokoko Nur Restaurant jatetxeko Najat Kaanache, Filipinetako 25 Seeds jatetxeko Sau del Rosari eta Errusiako White Rabbiteko Vladimir Mukhin. Azken hori ez da lehen mundu biraren bidaian sartzen; izan ere, mundu biraren parte ez izan arren, nazioarteko ordezkarien zerrendara batu da, Kolonbiako Leo jatetxeko Leonor Espinosa sukaldariarekin batera.

Erakusleiho bat

Nazioarteko ordezkari horiekin, mundu zabaleko sukaldaritzaren erakusleiho bihurtuko da Kursaal jauregia, baina Euskal Herriko sukaldaritzarentzat ere agertoki garrantzitsu izango da biltzarra. «Aukera da zer garen azaltzeko, zer egiteko gai garen azaltzeko, eta, aldi berean, mundu osoan dauden esperientzia berritzaile eta aurrerakoiak ezagutzeko», azpimarratu du Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako diputatuak. Erakusleiho izateaz gain, etorkizunerako aliantza sareak sortzeko parada ere izan liteke: «Helburu asko eskaintzen ditu: elkarlana, sinergia, eta aliantza eta harreman berriak sustatzeko aukera». Martin Berasategiren iritziz, mugarri izan da biltzarra: «San Sebastian Gastronomika biltzarra egiten hasi zenetik, gure sukaldaritzak pauso erraldoiak eman ditu».

Elkarlanaz eta oihartzunaz gain, biltzarraren balioak ere goraipatu ditu Andoni Luis Adurizek: «Kontua ez da soilik errezetak, zaporeak edo mundua irensteko forma anitz ikastea, sukaldaritzan trinkoak eta sendoak izango diren balioak transmitiu eta xurgatzea ere garrantzitsua da».

Omenaldi saria, Ruscadelli

Biltzarraren XX. aldian, Juan Mari Arzak sukaldariak jaso zuen Omenaldi saria, eta, aurtengoan, Carme Ruscadellik jasoko du. Zazpi Michelin izar ditu, eta, Bartzelonako Sant Pau jatetxea itxi eta urtebetera, berriz itzuliko da Kursaalera. Hizlari gisa izan da beste urte batzuetan, eta, orain, sektorearen eta gertuko jendearen saria jasotzera itzuliko da.

Urrezko Geridon saria Denis Courtiadek jasoko du. Biltzarrak ardoaren eta jantokiaren mundua omentzeko ematen duen saria da, eta aurten Frantziara joango da. Kazetaritza Gastronomikoa saria, berriz, Cristina Jolonchek jasoko du, antolatzaileen iritziz «gastronomiaren munduan bide guztietan ibili den indar handiko kazetari bihurtu delako».

Aurtengo berritasuna Pintxoen I. Biltzarra izango da: hilaren 9an egingo da, asteazken goizean, eta dozena bat profesional biduko dira Kursaaleko Ganbera Aretoko agertokian. Lehen aldiz egingo dute, pintxoen, barren, taberna ilustratuen eta, oro har, miniaturazko sukaldaritza proposamenen formatu berri guztien sektoreari balioa emateko.

Roser Torras Gastronomikaren zuzendariak azaldu duenez: «Aurtengo berritasun nagusia Pintxoen I. Biltzarra da: biltzar horrek zorra zuen hiriarekin, eta, azkenean, errealitate egin dugu». Eguerdira arte iraungo du, eta sektorearen panoramaren kartografia osatuko dute hitzaldien bitartez, alderdirik ludikoenetik hasi eta teknikoeneraino iritsiz. Egitarau zabala izango da: pintxoen bilakaera, pintxoak hutsean ontziratuta, koktel eta cateringerako miniaturazko sukaldaritza, ardoen kudeaketa barran, eta pintxoak hartzen ibiltzearen ohitura tradizionalaren ikuspegi garaikidea jorratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.