Emozioak iraultzen dituen bidaia

Alex Rigolaren 'Macho Man' instalazioa jarri dute Bilboko Azkuna zentroan. Matxismoaren aurka egiten du aldarri hamabi gelako obrak

Neska bat, beste bati argazki bat erakusten, Macho Man instalazioen barrualdean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Bilbo
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Salatzen badut, akabatu egingo nau», kontatzen du bisitaria gidatzen duen ahotsak. Benetako emakume baten testigantzak dira, eta bisitariak entzun bitartean emakumearen objektuak ikusi eta jaso zituen mehatxuak irakur daitezke, museoko piezak izango balira bezala. «Hiltzea besterik ez nuen nahi. Hilotz ibiltari bat nintzen», dio ahotsak.

Antzerkiaren eta erakusketaren erdibidean dago Bilboko Azkuna zentroan aurkeztutako Macho Man instalazioa. Alex Rigola da obraren sortzailea, eta ikusleengan matxismoaren aurkako kontzientzia piztea izan da bere helburu nagusia. Obra indarkeria matxista jasan duten emakumeen testigantzetan oinarritzen da, eta haien istorioak kontatzeko arte eszenikoak, plastikoak, psikologia eta dokumentazioa erabili ditu. Instalazioa definitzeko «artefaktu dramaturgiko» hitzak erabili dituzte, eta martxoaren 15era arte egongo da ikusgai.

Obra sortzeko beharrezko dokumentazioa biltzeko, sei hilabete behar izan zituen Rigolak, eta beste hiru hilabete instalazioak eraikitzeko. Sormen prozesu guztian Alba Alfageme psikologoaren aholkularitza izan zuen.

Orotara, hamabi gune zeharkatuko dituzte bisitariek, 50 minutuko saioan. Txanda bakoitzeko, gehienez, sei pertsona sartu ahal izango dira. Ibilbidearen amaierara heltzeko aurikularretatik entzundako aginduak jarraitu beharko dituzte, eta gela bakoitzean ariketa bana egin beharko dute. Batzuetan, ariketa bideo bat entzutea edo ikustea izango da; beste batzuetan, taldekideek galderak erantzun edo esaldiak irakurri beharko dizkiete elkarri.

Sandro Botticelli artistaren 1483ko Nastagio degli Onestimargolanean oinarritutako narrazio batekin hasten da ibilbidea, eta gaur egun salgai dagoen bideo joko batekin amaitzen da; bietan irudikatzen da hilketa matxista bat. «Hasieran ikus daiteke garai haietan ere gertatzen zirela hilketa matxistak, eta instalazioaren amaieran ikus daiteke, ez bakarrik egoera horiek oraindik ere gertatzen direla, baizik eta era askoz ere larriagoan gertatzen direla», azaldu du zuzendariak.

«Noizbait egin duzu txiste matxistaren bat?», galdetzen dio bisitariari off-eko ahots batek, ibilbidearen beste une batean. Kartzeletako lokutorioen antzeko gela batean dago bisitaria, eta kristalaren beste aldean, taldeko beste pertsona bat. Erantzunak elkarri begira eman beharko dituzte. Gero eta galdera gogorragoak egiten ditu gidariak. «Noizbait jaso duzu eraso matxistaren bat? Noizbait izan zara bortizkeria horren eragilea?».

Emozioak azalarazten dituen obra bat da, eta, hain zuzen, horixe lortu nahi du zuzendariak, ikuslea kontzientziatzeko. Obraren barruan agertzen diren kasuak oso bortitzak eta errealak dira; besteak beste, 2018an Iruñeko Sanferminetako talde bortxaketaren epaiketa agertzen da, baita Ana Orantesen kasua ere, 1997an Canal Sur kateko programa batean testigantza eman zuena.

Gizartearen ispilu

«Whatsapp talde batean nengoen, eta bideo porno bat bidali zuten bertara. Gainera, oso matxista zen. Nik ez nuen ezer esan, baina nire lagun batek horrela jarri zuen: 'Nik alaba bat daukat, eta ez naiz honen konplize izango'. Horrela erreakzionatu behar nuen nik ere». Gertaera horrek eraman zuen Rigola muturreko matxismoaz jabetzeko modu berriak bilatzera. «Ispilu bat jarri nahi izan diogu gizarteari, hobeak izan gaitezkeela erakusteko».

Zuzendariaren esanetan, jendea uste baino hunkituago ateratzen da; horregatik, instalazioaren amaieran psikologo talde bat dago bisitarien beharrak asetzeko. Sei emakumek osatzen dute profesional taldea, eta Itziar Cantera da horietako bat: «Ez dakigu zer gertatuko den, baina argi dagoena da sentimendu asko azalera aterako direla». Deskonpresio gela deitu diote gune horri, eta asko erabiliko dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.