Bizitza gailentzen denean

Gervasio Sanchez argazkilariaren 'Bizitza' erakusketa ikusgai dago San Telmo museoan

Emakume bat San Telmo museoan, Gervasio Sanchezen Bizitza erakusketan. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Horma zurietan 41 argazki gordin. Zuri-beltzean gehienak. Bizitzaren isla dira denak, gerraz eta heriotzaz gaindi. Gervasio Sanchez argazkilariak egindako argazkiak jasotzen ditu Bizitza erakusketak, eta Donostiako San Telmo museoa izango da horien guztien erakusleiho gaurtik ekainaren 12ra bitarte. 1991tik 2015era ateratako argazkiak dira, munduko zenbait gerratan egindakoak.

«Haren kameraren irudi bakoitzean, salaketa dago beti eta poesia dago beti». Antonio Muñoz Molina idazlearen hitzak ekarri ditu gogora Gerardo Mosquera komisarioak, eta horrela definitu ditu argazkilariaren lanak. Zenbait herrialdetako gerra garaiko minak eta pozak eraman ditu argazkilariak aretoko hormen artera. «Gordin eta garden», zehaztu du komisarioak.

Gizon bat zigarro bat erretzen, frankotiratzaile batek tirokatutako gazte baten gorpuaren ondoan. Koloretan dauden argazki bakarrenetakoa da hori, eta aurrez aurre jartzen ditu gerraren bi aurpegiak: bizitza eta heriotza.

Mina eta sufrimendua dario Sanchezen irudi bakoitzari. Baina badira zenbait irudi gordintasun horren guztiaren artetik bizitzaren ederra erakusten dutenak: «Egoera tamalgarri baten kontraesanak irudikatzen ditu Gervasiok», azaldu du Mosquerak. Modurik ankerrenean besoa mutilatu dioten mutil bat futbolean; bi besoak anputatuta dituen gazte bat senide bat estu besarkatuz; eta haur bat bizikleta gainean, gerrak eragindako hondamendiaren artetik. Artistaren hiru obra horiek nabarmendu ditu komisarioak. «Pertsonak berriro bizitzara itzul daitezkeela kontatzen duten argazkiak dira; poesia hutsa».

Bestalde, Kosovoko albaniar errefuxiatuen irudiak ageri dira erakusketan, baita Sarajevokoak ere, hiria setiatuta zegoenekoak. Horiek guztiek toki «beldurgarri» bat deskribatzen dutela azpimarratu du Mosquerak. Argazki sorta horretako irudi bat nabarmendu du, 2015ean Europa «astindu» zuen Siriako errefuxiatuen krisian muga bat zeharkatzen ari zen haur batena: «Ezin hobeto laburbiltzen du erakusketa osoaren edukia».

Gerraosteko argazkilaria da Sanchez: herrialdeen berreskuratze prozesuei erreparatzen die. Gutxitan jartzen ditu parentesi artean heriotza eta bortizkeria: «Bizitzaren berriemailea da, gerraren eta indarkeriaren tragediaren gaineko bizitzaren garaipena kontatzen du».

Haren argazkiek kontatzen dute nola bizi gorputz ahuldu batekin eta esperientzia suntsitzaile batekin. Funtsean, erakusten du bizitzak nola egiten dion uko suntsitua izateari, eta azaltzen du nola agertzen den gerraren eta heriotzaren hondakinen erdian. «Paradoxa bada ere, poz lazgarriak adierazten ditu Gervasiok». Komisarioak azaldu du Sanchezek ez duela hedonismoa xede argazki sorta horretan, «baizik eta edertasunaren bidez egiten duen kritika bat, gerraren eta indarkeriaren giza tragedia erakusten duten irudien zentzua indartzeko».

Bizitzak bizitzari

Zenbait errealitate kontatzen dituzte Bizitza erakusketako argazkiek: minen biktimak, Hego Amerikako desagertuak, mutilatuak... Gerra bere gordinean. Sarraski horiek ahuldutako gorputzak nola piztu ere kontatzen dute; protesidun eta protesirik gabeko besoak ohiko bizitzara nola eraman, alegia.

Horixe da erakusketaren irudia. Argazki bertikal bat: gerra betean besoa eta begia galdu zituen gizonezko bat emaztearekin, aurrez aurre. Andreak protesidun eskua laztantzen dio gizonari: «Maitasunezko keinu bat da, bizitza batek beste bati egiten dion laztan bat, nolabait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.