Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Boterearen atzapar luzeak

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Plataforma digitalen agerpenarekin ahoa bete zitzaigun zenbaiti. Nazioarteari begira ari diren enpresek kudeatzen dituztenez, eta nahi dutenez gizarteko sektore aurrerakoienei gerturatu, (ia) edozer egin daitekeen ekosistema askea omen zetorren haiekin. Gobernuen interesen zerbitzura egoteko premiarik ez zuen eskaintza bat, diru-goseak eta estrategia apurtzaile batek soilik baldintzatua. Uste genuen plataformak prest daudela publikoa izan dezakeen edozer ekoizteko: baita horretarako lur deserosoak zapaldu edo arau zaharkituak traizionatu behar badira ere.

Eta bai: Autodefensa, Handmaid's Tale edo Euphoria nekez sortu zitezkeen gure arretagatik lehiatzeak ausarta izatera behartzen dituen plataforma transnazionalik gabe. Baina egoitza nagusiak Kaiman Uharteetan jarrita ere, ez daude zentsuraren eta boterearen atzaparretatik salbu. Aste honetan bertan jasotako bi albiste dira horren ikusgarri.

Netflix zipriztintzen du lehenak. Plataformak berak aitortu berri duenez, irizpide politikoen arabera baztertu zuen bere katalogotik 180 grados dokumentala. Pandemian Europako gobernuek hartu zuten jarrera auzitan jartzen du lanak. Emisioa adostua zuen Netflixek, eta baita filma estreinatu ere. Eta hala ere, lehenbailehen kentzea izan da erabakia. Norena izan da azken hitza? Noren deia jaso ote dute?

Are asaldagarriagoa da bigarrena. Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren bortxaketa eta erasoen biktima izandako zortzi emakumeren testigantzekin, dokumentala osatu zuen SeƱor Mono ekoiztetxeak. Azaroaren 23an estreinatzekoa zen, Disney Plusen. Ez da hala izan, ezta izango ere. Oharra plazaratu dute dokumentalean hitz egin duten horiek. Diotenez, plataformak eduki osoa ezagutzen zuen aurrez, eta babes juridiko erabatekoa zuen lanak. Eta, hala izanik ere, azken unean eta ezustean, atzera egin dute.

Aurrez ere hitz egin daCabezudo babestu duen inguru politiko boteretsuaz. Orain, Disney Plusen erabakiak ematen digu presio horren neurria. Laster jakingo duguna da ezkutatzea hain garrantzitsua den hori zer ote den. Oharrean diote beste irtenbide bat aurkituko diotela lanari. Hortxe du aukera paregabea plataforma edo hedabide batek frogatzeko baietz, haiek ari direla boterearen atzaparretatik libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.