Sanferminak Iruñean

Festak edonoiz eta edonola, baina aske

Sexu erasoen aurkako guneak 7.000 bisitari izan ditu lau egunean. Dozenaka emakumek parte hartu dute Feministok Fest egitasmoan
Hainbat emakume, Gazteluko plazako informazio gunean.
Hainbat emakume, Gazteluko plazako informazio gunean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 11
Dantzatu, abestu, ligatu, edan, jolastu, eguzkia hartu, oholtza gainera igo ala karrikan ibili, bakarrik nahiz lagunartean, egunez ala gauez. Edonon. Edonoiz. Edonola. Festaz gozatzeko aukera guztiak eurentzat aldarrikatu dituzte Iruñeko emakumeek, berdintasunean, eta, batez ere, aske. Helburu horretan bat egin dute mugimendu feministak, batetik, eta Iruñeko Udalak, bestetik.

Udalak kanpaina handia abiatu du aurten ere eraso sexistei aurre egiteko, eta martxan jarria du, halaber, horien aurkako protokoloa. Azken urteetan bezala, informazio gunea paratu dute Gazteluko plazan, sanferminen bihotzean, eta jende ilara luzeak sortzen dira egunero haren aurrean. Festaren erdia igarota, emaitzarekin pozik azaldu dira udal arduradunak: «Orain arte, festaren lehen lau egunak aintzat hartuta, 7.000tik gora pertsona igaro dira informazio gunetik, eta gogoratu behar dugu beste asteburu bat dugula aurretik, eta jendetza etorriko dela berriz ere», azaldu du Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikari Zaloa Basabek.

Gazteluko plazako leihatilan, kanpainari buruzko argibideak eta materiala jasotzen dituzte bisitariek: «Informazio gunera hurbiltzen direnek, batez ere, atxikimendua adierazi nahi diote sexu erasoen kontrako kanpainari, eskuorriak eta pinak hartu eta kontsultak egin», esan du Basabek. Neska gazteak dira, hein handi batean, informazio zehatzagoa eskatzen dutenak: «Galdetzen digute sexu eraso baten aurrean nora jo behar duten, zeintzuk diren jarraibideak... Gisa horretako kontsultak egiten dituzte».

Bestalde, sanferminetako sexu erasoen behin-behineko zenbaketa egin du Iruñeko Udalak. Guztira, hiru salaketa erregistratu dituzte orain arte: «Eraso arinengatik jarritako salaketak dira hirurak, ukitzeengatik, eta, horietako baten ondorioz, gizon bat atxilotu dute».

Oro har, erasoen kopuruak eta intentsitateak behera egin dutela onartu du Basabek, baina, haren irudiko, horrek ez du esan nahi arazoa konpondu denik. «Azken bi urteotan, gizarteak, eta emakumeek batez ere, jarrera aktiboagoa erakutsi dute eraso horien kontra, eta salatzera ausartzen dira, baina lan handia dugu egiteko. Iruñea ez da, goizetik gauera, berdintasunaren oasi bihurtu». Are: salaketa kopuru urria dela-eta mezu baikorregiak edo triunfalistak zabaltzea «ezer ez ulertzea» dela nabarmendu du Berdintasun teknikariak: «Esaten dugunean eraso sexistek lotura hertsia dutela egiturazko desoreka batekin, argi dago desoreka hori konpondu arte ez direla erasoak desagertuko; hortaz, ez du zentzurik autokonplazentzian labaintzea».

Hala ere, eraso sexistak desagerrarazteko bide horretan, Iruñea aitzindari dela gaineratu du Basabek: «Nazioarteko hedabideekin hitz egiteko aukera izan dugu egunotan, eta harrituta daude Iruñean sexu erasoen kontra egiten den lanarekin eta kontzientziazio mailarekin. Ikusi dute, adibidez, parrandan dabilen emakume bati ipurdia ukitzea salatzeko moduko jokabide bat dela, protokoloak martxan jartzen direla eta jendeak ez dituela gisa horretako jarrerak normalizatzen». Teknikariak uste du erantzun hori «mugimendu feministaren garaipen bat» dela. «Egungo egoera ez da ezerezetik sortu. Feministek hamarkadak zeramatzaten ildo horretan lanean, bakar-bakarrik, eta azken urteetan instituzioek ere baliabideak jarri dituzte».

Feministok Fest jendetsua

Iruñeko mugimendu feministak duen indarraren erakusle izan zen atzoko Feministok Fest jaialdia, Herri Sanferminak gunean. 13:30ean hasi zen, bertso-poteo feminista batekin, Sarai Robles, Miren Artetxe eta Maialen Akizu bertsolariekin. Horren ostean, bazkari feminista egin zuten O plazan. Iluntzean, emakume musikariak igo ziren oholtzara: Moonshakers, Tarantistak DJ eta hainbat rap kantarik osatutako Neska-rap emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna