Santixauak Ermuan

Festazaleen aliatuak ere kalera

Santiagoetako azken egunak dituzte Ermuan gaur eta bihar. Droga mendekotasunen zerbitzuak prebentzio lana egiten du festetan

Drogomenpekotasunen Prebentziorako udal zerbitzuak herenegun egindako ekintza. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ermuko jaiak (Bizkaia) amaitzear daude. Bihar bukatuko dira Mocedades taldearen kontzertuarekin, 00:30ean. Hala ere, ostirala eta larunbata ekintzaz lepo izango dira, santiagoak behar bezala agurtzeko.

Alta, festetan, jai giroak ez ezik, askotariko aldarrikapenek ere izaten dute euren tokia. Ermuan ere, beste horrenbeste. Udaleko Kultura sailetik koordinatuta, sail bakoitzak ekintza bana egiten du, urteroko lanaren erakusgarri. Santiagoetan kalera irteten direnen artean dago Droga-mendekotasunen Prebentziorako Udal Zerbitzua.

Iratxe Marcos prebentziorako teknikariak santiagoak berezi egiten dituen datu bat azpimarratu du: «Toxikoen kontsumoa igo egiten da jaiegunetan». Festazaleentzako aisialdi garaia bada ere, Marcosentzat eta bere lankideentzat, erneago egoteko egunak dira. 2002an hasi ziren herriko jaietan prebentzioa sustatzeko ekintzak egiten.

Uztailaren 24a izaten da haien eguna. Jai giroa hasi baino bi ordu lehenago, postu bat jartzen dute Patxi plaza txikian, jaietako programazioaren zati handi bat antolatzen den Orbe kardinalaren plazaren aldamenean: «Ekinaldiari hurbiltasun zentzu bat ematen ahalegindu gara, jai giroan sartuz». Hara joaten direnei oroigarriak ematen dizkiete, duela urte batzuk sortutako leloa daramatenak: Santixauetan... Ondo pasau! Pasau barik.

Soinean erraz eraman daitezkeen objektuak banatzen dituzte. Hala, mezua «ikusgarri» egiten da, Marcosek azaldu duenez: «Jai egun guztietan kalean egotea izan da kanpainaren helburu nagusia». Aurten, poltsa batzuk izan dira; aurreko bi urteetan, betaurrekoak eta lastozko txapelak. Kasu guztietan, «herritarrak kontsumo arduratsu bati buruzko mezua eraman» dezala da gakoa.

Urte osoko lana

Santiagoetako ekintzak ikusgarri egiten du Droga-menpekotasunen Prebentziorako Udal Zerbitzuaren lana. Aldiz, ekitaldi sinboliko hori gainontzeko hilabeteetako ahaleginen erpina baino ez da. Hiru alorretan antolatzen dituzte urteroko jarduerak: eskolan, familian eta komunitatean.

«Prebentzioa lantzeko garrantzitsuena nerabeak eta gazteak dira». Hori hala izanda, ekintza gehienak eskoletan egiten dira: «Onena da, publikoa oso lokalizatuta dagoelako». Horietan biltzen da jende gehien.

Familiaren alorrari dagokionez, zerbitzuen inguruko informazioa ematen dute, eta, beharrezko kasuetan, baita haietara bideratu ere. Bestalde, Marcosek dioenez, komunitateak lantzearena «erronka» da. Hor sartzen dute santiagoetako ekintza, besteak beste. Jendeak parte hartzea «zaila» izaten dela onartu du prebentziorako teknikariak, baina hori konpontzea dute etorkizunerako helburu: «Iaz plan berria onartu zen, eta ekintza berriak sartu nahi ditugu prebentzioa komunitatera zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.