Obra klasikoen erakusleihoa

Diziplina anitzeko egitaraua prestatu dute ostiralean hasiko den Erriberriko Antzerki Jaialdirako

Ostiral arratsaldean abiatuko da Erriberriko 22. Antzerki Jaialdia, Carmen Linaresen flamenko ikuskizunarekin. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Urtero legez, antzerki klasikoaren egoitza izango da datozen egunetan Erriberri (Nafarroa). Ostiralean emango diote hasiera hango antzerki jaialdiaren 22. aldiari, eta abuztuaren 1era bitarte iraungo du, diziplina anitzeko egitaraua oinarri hartuta. Nafarroako hainbat konpainia eta Espainiako antzerkiko ibilbide nabarmeneko beste batzuk izango dira han, eta, gainera, musika, poesia, antzerkia eta dantza uztartuko dituzte, Arimaren bideetan zehar lelopean.

Beste behin, antzoki bihurtuko da Nafarroako errege-erreginen Erriberriko jauregia. Zehazki, jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava izango da oholtza nagusia, eta, horretaz gainera, jaialdiak beste egoitza batzuk ere hartuko ditu: Erriberriko Teobaldoen plaza eta kultur etxea, Tafallako kultur etxea, eta Beireko Ezpeleta jauregia.

Ostiral arratsaldean abiatuko da jaialdia, Carmen Linaresen flamenko ikuskizunarekin, eta artistaren berrogei urteko ibilbidean oinarrituta egongo da emanaldia. Horrez gainera, Federico Garcia Lorca, William Shakespeare eta Leon Felipe klasikoak ere badaude egitarauan, besteak beste, bai eta Raymond Carver eta bestelako egile garaikide batzuk ere.

Bestalde, Nafarroako antzerki konpainiak ere igoko dira oholtza gainera. Aurten, 11 proposamen daude programazioan, eta horietako bost La Cava agertokian taularatuko dituzte. Hilaren 20an izango da lehenengoa: Amico taldearen Tránsitos (Igarotzeak). Hurrengo egunean, 21ean, El Sol de York taldearen txanda izango da, Chicos y chicas (Mutilak eta neskak) ikuskizunarekin. 22an, berriz, Iluna Produkzioak konpainiak Vencidos (Garaituak) obra antzeztuko du. Hurrengo emanaldia hilaren 28an izango da: La Caja Flotanteren Beautiful Stranger (Ezezagun ederra). Eta jaialdiaren azken egunean izango da azkena, abuztuaren 1ean: The Lyrical View-ren Oinak Lurrean.

Antzerki poetika zikloaren bitartez, berriz, ikusleak Espainiako askotariko egile garaikideen obrak ezagutuko ditu. Hartan parte hartuko du Inextremis konpainia nafarrak, Superhombre (Supergizona) lanarekin. Horrez gain, Cardo Films-ek Viaje a pie (Bidaia oinez) aurkeztuko du; Tdiferenciak, Adrenalina, feniletilamina, oxitocina y otras hormonas (Adrenalina, feniletilamina, oxitozina eta beste hormona batzuk), eta La Cuerda Teatrok, berriz, Vacío obra (Hutsa). Bakoitzak hiru emanaldi egingo ditu.

Horrez gainera, La Banda antzerki eta zirku taldeak ere parte hartuko du jaialdian, eta Devenires (Bilakaerak) proiektua garatuko du. Abuztuaren 1ean izango da, igandean, Erriberriko Kultur Etxean.

Aurtengo zuzendari gonbidatua, berriz, Juan Carlos Rubio gidoilari, antzerkigile eta aktorea izango da. Gema Matarranz eta Marta Megiasek antzeztutako La isla (Uhartea) obra aurkeztuko du, baina, horrez gain, dramaturgia tailer bat ere egingo du: De la realidad a la ficción (Errealitatetik fikziora). Erriberriko Kultur Etxean egingo da ikastaroa, uztailaren 19tik 23ra, eta hogei ordukoa izango da. Parte hartzaileek antzezlan labur bat idatziko dute, egunkari batetik ateratako albiste bat abiapuntutzat hartuta.

Neurrietara egokituz

Pandemiaren eraginez, jaialdiko antolatzaileek segurtasun neurrietara egokitu behar izan dute. Areto itxietako edukiera %60ra mugatu dute, eta, hori dela eta, 236 eserleku baino ezin izan dituzte jarri salgai. Era berean, sarreren salmenta «erritmo azkarrean» doala ohartarazi dute euren webgunean, eta emanaldi batzuetarako sarrerak dagoeneko agortuta daudela. Hala ere, oraindik ere badago sarrerak eskuratzeko aukera, online zein hara joanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.